Maria Martinon-Torres: "Neandertala inteligentea, sentibera eta errukitsua zen"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ots. 21a, 09:29

Maria Martinon-Torres, aztarna fosil batekin, laborategian. (Argazkia: CENIEH).

Doktorea eta paleoantropologoa da Maria Martinon-Torres (Ourense, 1974), eta, besteak beste, Giza Eboluzioaren Ikerkuntzarako Europako Elkartea sortu zuen 2011n. Egun, Giza Eboluzioaren Ikerkuntzarako Zentro Nazionaleko (CENIEH) zuzendaria da. Gaur, astelehena, neandertalei buruzko hitzaldia egingo du Kulturateko areto nagusian, 19:00etan hasita.

Nola jaso zenuen Arrasaten hitzaldia egiteko proposamena?

Oso pozik nago. Oraindik ikusi ez dudan arren, oso erakusketa interesgarria iruditzen zait eta gogotsu nago ikusteko. Erregistro fosil garrantzitsua dago Lezetxikin, historiaurreko ikerketa zoragarria dago han. Alvaro Arrizabalaga ere ezagutzen dut eta oso gustura nago aukera hau izateagatik.

Zertan zentratuko zara hitzaldian?

Nik ebidentzia fosilak ikertzen ditut eta neandertalen perspektiba biologikoan zentratuko naiz gehienbat, nolakoak ziren erakutsi gura dut. Gizakia espezie inteligente bakarra da egun, baina garai batean neandertalak ere egon ziren, haiek ere inteligenteak, eta gizakiekin hartu-eman kultural eta genetiko garrantzitsua eduki zuten, bi espezieen arteko haurrak ere izan baitziren. Beraz, neandertalen ezaugarri nagusiak erakutsi gurako nituzke eta, horretarako, munduan dagoen aurre-neandertalen lagin handienetako batean zentratuko naiz, Atapuercako aztarnategian aurkitu genuena, hain zuzen.

"Gizakiekin hartu-eman kultural eta genetiko garrantzitsua eduki zuten neandertalek, bi espezieen arteko haurrak ere izan baitziren"

Nolakoa zen neandertala?

Atapuercan askotariko adinetako 30 norbanako baino gehiagoren arrastoak aurkitu ditugu. Horrek ahalbidetzen digu neandertalen gutxi gorabeherako erretratu bat egitea eta ze erronka zituzten jakitea. Gizakia eta neandertala alderatu gurako nituzke saioan, jendeak ikusi dezan gizakien antzeko jokaerak zituztela, hildakoak lurperatzen zituztela, ornamentazio gaitasuna zutela eta abar. Horrez gain, pairatu zituzten gaitz eta patologiak ere erakutsiko ditut, izan ere, horiek ematen digute jakitera espezieek nola egiten zieten aurre garai hartako egunerokoan zituzten zailtasunei. Espezie sentibera, inteligentea eta errukitsua zen, baina gaur egun, tamalez, ez da existitzen.

Lezetxiki aztarnategi inportantea da nazioarteko ikuspegitik ere.

Noski baietz. Neandertalen portaerari buruzko informazio oso baliagarria jaso dugu hortik eta nazioarteko aldizkari askotan eman izan dute horren berri.

Argazkia: CENIEH.

Gizarte gisa, behar duten garrantzia ematen diegu halako aztarnategiei eta, oro har, arkeologiari?

Baietz esango nuke. Gure gizarteak, oro gar, giza eboluzioari buruzko jakintza handia dauka. Maila handiko galderak egin izan dizkidate hitzaldietan, eta ezagutza handiko jendea dago, eta ez bakarrik adituak, bestelako herritarrak ere bai. Horrez gain, Atapuercak etengabe jasotzen ditu bisitariak eta horrek esan gura du jendeak baduela interesa eta jakin-mina. Iruditzen zait, arkeologia eta giza eboluzioaren inguruko oinarrizko ezagutza handia dela Espainian eta Euskal Herrian, eta hori harrotasunez esan behar dugu.

Mota honetako hitzaldi, tailer edo erakusketa nahikoa daude?

Ekintza asko egiten dira, batez ere ikertzaileen inplikazio handia dagoelako. Ezagutza ez da erabatekoa ez badugu transmititzen, ondarea guztiona baita, ez ikertzaileona bakarrik. Hau da, asteleheneko saioan kontatu behar dudana ez da nire kontu bat, guztiona baizik. Orain lehen baino indartsuagoak gara, ala ahulagoak? Noiz piztu zitzaigun gure hildakoak lurperatzeko kezka? Galdera horiek espezie gisa definitzen gaituzte.

"Ezagutza ez da erabatekoa ez badugu transmititzen, ondarea guztiona baita, ez ikertzaileona bakarrik"

Gehiago egin beharko lirateke?

Egia da ekintza asko egiten direla, baina gehiago ere egin daitezkeela, instituzioen babes ekonomikoa handiagoa bada. Zientzia babesten jarraitu beharra daukagu, ikerketak behar moduan egin ditzagun eta, gero, gizarteari komunikatu. 

Nola animatuko zenituzke arrasatearrak hitzaldira joan daitezen?

Nik uste dut guztiok galdetu izan diogula noizbait gure buruari ea zertan garen desberdinak iraganarekin alderatuta. Gaur egun, gainera, mundu mailako krisi bat bizi dugu eta pandemia guztiz berria izan da guretzat, ez baitugu gertatzen ari zaigun honen memoria historikorik. Baina, denboran atzera egin ezkero, ikusiko genuke memoria historikorik agian ez, baina historiaurreko memoria badugula eta iraganak gauza asko kontatzen dizkigula gaur egun garenaz. Beraz, etortzeko deia egin gura diet herritarrei, agian harritu egingo baitira deskubritzen dutenean gaur egun gure ezaugarri direnek iraganean dutela jatorria eta, era berean, beste espezie batek ere ezaugarri berdinak zituela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak