Xabier Fernandez 'Purito': "Nire lasterketarik gogorrena izan da hau"

Xabier Urtzelai 2022ko ots. 18a, 19:00

Xabier Fernandez 'Purito', buruko ebakuntza egin berritan.

Buruko tumore bat kentzeko 13 orduz kirofanoan egon eta gero 2017ko Espainiako erresistentzia txapelduna ondo errekuperatzen dabil. Pilotu arrasatearrak GOIENArekin partekatu du bizi izandako esperientzia. 

Xabier Fernandezek (Arrasate, 1984) automobilismoa du pasio. 2016an RACEko txapeldun –turismotan–, 2017an Espainiako erresistentzia txapelketa irabazi zuen Los Arcosen [GOIENAk erreportaje hau egin zuen orduan], eta 2018an, besteak beste, Gorlako igoeran txapela jantzi zuen. Urte horretan, Urrakiko igoera egin eta Seat Leon autoa saldu zuen, CM barketa bat erosteko asmoz. Baina, ikusmenean zituen arazoek –ikusmen bikoitza– ez zuten pausoa ematera animatu, eta iazko irailean eman zioten berria, tumorea zuen begiko nerbio motorean. Joan den asteko martitzenean egin zioten 13 orduko ebakuntza, eta zorionez, dena joan da ondo.

Zer moduz zaude?

Ondo, oraindik ebakuntzaren ondorioak nabaritzen ditut, baina ezin naiz kexatu. Buruko orbainak min egiten dit, aurpegiaren alde batean ez dut sentsibilizaziorik eta oraindik begi baten ikusmen bikoitza daukat. Baina, medikuek esan didate dena ondo bidean %100 errekuperatuko naizela.

Sare sozialen bidez eman duzu jakitera gertatu zaizuna.

Bai, banuen barrenak husteko beharra. Lasterketetatik kanpo egin ditudan urte hauetan lagun askok galdetu izan didate ea ez neukan itzultzeko asmorik, baina nik ez nien ezer kontatzen. Hala, sare sozialetan umore apur bat erabilita automobilismoaren bueltan egin izan ditudan lagunei gertatutakoa kontatzeko modua izan da, eta ondo nagoela esatea.

Umorea, lagungarri. Halaxe erakutsi du arrasatearrak Instagramen buruaren eskuin aldean geratu zaion orbana.

Ez da gauza txikia izan...

Ez, lehenago ere kontziente nintzen begi batean arazoak nituela, ikusmen bikoitza neukala, baina irailean betazal bat erortzen hasi zitzaidan, eta ospitalean, Iruñean, segituan esan zidaten onbera izan zitekeen tumorea neukala begiko nerbio motorean. Bost hilabete gogor izan dira, gauzak diren moduan, itxaronaldia ez da erraza izan, eta ebakuntza ere ez zen nolanahikoa izan, 13 orduz izan ninduten ebakuntza-gelan burua zabalik. Medikuak esaten zidan gorputzeko lekurik zailenean neukala tumorea, baina, zorionez puntako medikuekin izan naiz eta ondo joan da dena. Baina, bai, ebakuntza gelara sartu nindutenean ez neukan garbi handik bizirik irtengo nintzen. Bi aste barru emango dizkidate biopsiaren emaitzak, horrek ere kezkatu egiten nau, baina medikuak baikorrak dira.

Oraingoz lasterketek itxaron egin beharko dute...

Etxekoei esan nien uste nuela ebakuntza ostean garajean lasterketetako auto bat izango nuela zain, kar, kar, kar...

Nafarroako Los Arcos zirkuituan jokatutako Espainiako txapelketan (2017) egindako erreportajeko irudi bat. 

Gidatu ere ezingo duzu egin, ala?

Autoko giltzak gordetzeko puntuan egon dira etxekoak, kar, kar, kar... Anaia, gurasoak, bikotea, denak dabiltza esaten autoa ez hartzeko. Jende asko dago begi bat galduta ere normal gidatzen dutenak, eta nik arazoa begi bakarrean daukat, besteak ondo funtzionatzen du. Eta, pentsatu nahi dut begi bakarraz gidatzen duten gainontzekoek baino hobeto gidatuko nukeela [Barreak], Baina ez, ez daukat automobila hartzeko asmorik. Begiko nerbioa ez didate ukitu, eta medikuak esan dit ikusmen bikoitz hori joango dela desagertzen.

Lanera joateak ere itxaron egin beharko du [Irizarren egiten du lan].

Hasteko, lantokira ezin dudalako joan, baina bestetik, autobusak probatzen egiten dut lan, eta horretarako %100 egon behar naiz ondo, nire burua seguru ikusi behar dut. Pazientziarekin hartu behar dut hau dena, bai.

Seat Leon autoarekin, 2017an.

Seguru ez dituzula, baina, lasterketak burutik kendu...

Ez, inondik inora, lasterketetara itzultzeko asmoa daukat. CM barketa bat erosteko puntuan egon nintzen hau dena hasi aurretik, eta orain ez dakit mendiko lasterketetan turismo batekin, barketa batekin ala zirkuitutara itzuliko nintzatekeen, baina pausoak ematen joatea da asmoa, eta baita lasterketetara modu batean edo bestean bueltatzea. Egia da halako esperientzien ondoren gainontzeko txikikeriak erlatibizatu egiten dituzula, baina beno, ikusiko dugu horrek ere zenbat irauten digun. Oraingoz, zalantza barik, hau izan da lasterketarik gogorrena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak