"Eskerrik asko igogailuengatik, baina ez da nahikoa". Modu horretan hasten da Avesantes elkarteak komunikabideetara bidalitako idatzia. "Abandonatuta jarraitzen dugu. 2020ko urrian bi ispilu jartzea eskatu genuen, Santa Teresa Ikastola ondoko parkingera hobeto sartzeko, beti kolpe eta susto txikiak egoten baitira", diote.
Gaineratu dutenez, 2021eko urtarrilaren 28an, Victor Fuentes Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak saileko zinegotziak baietz erantzun zien, ispiluak jartzea onartzen zutela baina aurrez Udaltzaingoaren txosten bat behar zela argudiatuz. "Izan ere, sarrera horretarako hobekuntza bat litzateke. Hala ere, gaur, 2022ko otsailaren 11an, esperoan jarraitzen dugu. Kolpeek, ezustekoek eta bestelakoek jarraitzen dute".
"Erabat ahaztuta" sentitzen direla azpimarratu dute. "Erdigunean ikusgarritasun handiko zebrabideak iragarri eta berehala jartzen diren bitartean, Santa Teresan eta Doneztebe Portukon bi ispilu jartzeko urtebete baino gehiago daramagu itxaroten".
Udal Gobernuarekin zenbait idatzi eta berbaldi partekatu dituzte gaiaren ingurua baina, salatu dutenez, erantzunak "aitzakiak" dira. "Prentsan azaldu behar gara gure bizilagunentzat hobekuntzak eskatzen ditugun bakoitzean? Bi ispilu sinplerengatik horrela bagaude, zer gertatuko ote da irisgarritasuna, espaloiak, barandak eta abar hobetu behar dizkigutenean?".
Maldarekin eta urarekin, arazoak
"Santa Teresa 5 atariko eta Doneztebe Portuko 1, 3 eta 5 atarietako atzealdean hondeamakina bat ikusten genuen, eta 'lagin batzuk' egiten ari ziren, beharginen arabera. Malda horrek, orain urte batzuk Masua iturriko urak jasotzen zituenak, urekin arazoak izan ditu, lurra hondoratuz. Ur horiek, orain edozein tokitatik irteten dira, eta atari horiek kaltetu nagusienak dira, hezetasunak eta ur-filtrazioak baitituzte. Noiz hartuko dira neurriak? Noiz hartuko den seriotasunez arazo hau?", azpimarratu dute.