Joxean Aranburuzabala hil da, Arrasate Eskubaloiko sortzaile eta presidente ohia

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 10a, 12:20

Arrasate Eskubaloiko talde argazkia, Joxean Aranburuzabala tartean dela -zutik, ezkerretik laugarrena-.(Argazkia: Arrasate Eskubaloia)

Jesus Maria Pitxi Herrero eta Mariano Arrietarekin batera, Arrasate Eskubaloi klubeko sortzaile izan zen atzo zendu zen Joxean Aranburuzabala arrasatearra. 70. hamarkada amaieratik eskubaloiari lotuta egon da, presidente lanetan lehen hamabost urteetan, eta zaletu gisa azkenaldian. Minutu bateko isilunea egingo dute moreek asteburuko neurketa guztietan.

Goibel esnatu da Iturripeko kantxa, goibel Arrasateko eskubaloi familia. Joxean Aranburuzabala Etxagibel hil zen atzo, 67 urterekin. Beste hainbat kiderekin batera, herriko eskubaloiaren sorrera zein bilakaeran katebegi garrantzitsua izan da.

Hastapenak

Juventud Deportiva Mondragon erakundeari lotuta egin zituen lehen urratsak Arrasateko eskubaloiak. Valladolidera ikastera joandako bi ikaslek herriratu zuten "kirol berri eta berezia, baloia oinekin jo beharrean, eskuekin jokatzen zena".

70. hamarkadaren hasiera zen, eta "sexuen arteko ezberdintasunik gabe", 1941etik kirol ekintzak biltzen zituen JDM elkartea izan zuten aterpe; "gazteen artean kirola praktikatzea eta hezkuntza eta formazio integrala lortzea" zen aipatutako elkartearen helburua. Gutxi iraun zuten, ordea, aitzindariek, 1974rako desagertu baitziren eskubaloiaren bueltan sortu zituzten senior eta gazte mailako taldeak.

(Argazkia: Arrasate Eskubaloia)

Eskubaloiak kateatuta

JDMa barruan egindako urteek, baina, arrastoa utzi zuen herriko hainbat gazterengan; besteen gainetik, Makilak lagunartean. Mikel Garay, Faustino Gorostiza eta Juan Mari Errasti jokalari ohiek eskubaloia berrabiarazteko hautua egin zuten, eta bidelagun izan zituzten klubaren historian giltzarri izan diren hiru kide: Joxean Aranburuzabala zendu berria, Jesus Maria Pitxi Herrero, eta Mariano Arrieta. Presidente izendatu zuten lehena, koordinatzaile bigarrena, eta laguntzaile lanak egin zituen, aldiz, hirugarrenak. 

1978-79 denboraldian kantxaratu ziren berriz. Oraingo honetan, baina, berritasun batekin: Arrasate Esku Baloi taldea sortu zuten –egungo kluba, alegia–, JDM erakundetik kanpo zegoen egiturarekin. Finantzaketa propioa izatea izan zen hastapenetako erronka nagusia; lortu zuten, eta 1981eko azaroaren 16an erregistratu zituzten lehen estatutuak.

(Argazkia: Arrasate Eskubaloia)

Oinordetza

Herrero bidelagun, hamabost urtez aritu zen presidente lanetan Aranburuzabala; 1978 eta 1993 urteen artean, hain zuzen. Orduan etorri zen klubari beste hamalau urtez "bultzada ikaragarria" eman zion presidentea: Mariano Arrieta. Eta beste hainbat kideren laguntzarekin –Andoni Arando, Agustin Rodriguez edota Juan Luis Isasmendi, besteak beste–, 2007an egungo presidente den Ines Azpiazuk eman zion erreleboa Arrietari; Arrasate Eskubaloiko "indarra eta arima" izan eta 2004an zendu zen Pitxi Herreroren alargunak, hain zuzen.

Klubeko ardura postuetatik irten arren, urte luzez egon da Aranburuzabala eskubaloiari lotuta. Iturripeko harmailetako "ohiko" zaletutako bat zen.

(Argazkia: Arrasate Eskubaloia)

Samina

Arrasate Eskubaloiak ohar bidez adierazi duenez, eta Aranburuzabala gogoan, zuzendaritza, prestatzaile, jokalari eta klubeko familia guztiak minutu bateko isilunea egingo dute asteburuko neurketa guztietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak