Niko Etxarten dei batek elkartu zituen lehen aldiz, 1999an eta "kasualitatez", Xabier Zeberio, Lorena Nuñez, Francisco Herrero eta Ivan Carmona sokazko musikariak. Altzürüküko abeslariaren etxean kantu bat grabatu ostean hasi zuen Alos Quartet-ek bere ibilbidea, eta ordutik lau disko propio, 20 urtetako ibilbidea laburtzen duen lana eta artista ugarirekin kolaborazioak –Kepa Junkera, Eñaut Elorrieta, Izaro Andres, Waldemar Santos...– egin ditu.
Zeberioren konposaketetatik abiatzen dira biolin, biola eta txelo doinuz osatutako kantak: "Egiten dugun musika sailkatzea zaila da; herrialde askotako iturrietatik edaten dugu eta esan genezake gure sorkuntzak oinarri klasikoa duela, folkak eta minimalismoak ere presentzia handia izanik", bota du Oskorri taldean aritutako Zeberiok.
Halako emanaldi bat astebarruan izateak Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Beste bat berritzen dinamikarekin du zerikusia. Izan ere, egitasmo horren asmoa zuzeneko egitasmo artistikoei hedapen zabalagoa ematea da. Asteartea kontzertua egiteko ezohiko eguna dela jakitun, arrasatearrak Amaia antzokira gerturatzera animatu ditu Zeberiok, "damutuko ez diren emanaldia" delako.
Herriko musikariekin
Promesa hori betetzeko osagai berezi bat gordeko dute kontzertuaren bukaerarako, Arrasate Musikaleko dozenaka ikasle igoko baitira agertokira Epel abestia interpretatzera: "Formula hau Gasteizko eta Tolosako ikasleekin probatu izan dugu, eta oso positiboa izan da esperientzia; gure soinuak flauta, klarinetea eta akordeoia moduko musika-tresnekin aberastuko dituzte". Hain zuzen zapatuan burutu zuten ikasleek martitzenera begirako entsegu orokorra.
Gainontzean, Lau izeneko estudioko azken diskoa aurkeztuko dute nagusiki, nahiz eta euren bilakaeraren berri ematen duten pieza instrumental gehiago ere joko dituzten.
Kimua taldekoak bidelagun
Sokazko laukoteak Kimua dantza kolektiboko koreografoen mugimenduekin osatuko du ikuskizuna. Urte askoan egin dituzte kolaborazioak batera, diziplina biak elkarri laguntzeko daudela frogatuz. Kimuako partaideek dantza tradizionala eta modernoa uztartzeko bokazioa dute, bai lankidetzak egiterakoan eta baita sorkuntza propioko piezetan.