Arrasateko ehun sozio-ekonomikoaren diagnostikoa hasi da egiten Udala

Txomin Madina Milikua 2022ko ots. 9a, 17:09

Arrasaten enplegua sustatzen proiektuaren baitan, enpresa enplegatzaile eta profesionalen egoeraren ikerketa egingo du Udalak Alecop kooperatibarekin elkarlanean. Modu bat baino gehiago erabiliko dute enpresek egun dituzten eta etorkizunean izango dituzten pertsonal premiei buruzko ikuspegia jasotzeko: hainbat sektoretako 70 enpresari galdetegi bat helarazi zaie eta aurrez aurreko bilerak ere egingo dituzte.

Herriko ehun sozio-ekonomikoaren errealitatea gertutik ezagutzeko Arrasaten enplegua sustatzen izeneko proiektua jarri du martxan Arrasateko Udalak. Helburua da enpleguaren sustapenerako neurriak aktibatzea. "Langabezian dagoen herriko biztnleria bailarako enpresekin konektatzea da helburua, handicap-ak baztertuz eta gauza positiboak indartuz. Gure bitarteko guztiak jarriko ditugu langabezia-tasa jaisteko", azaldu du Arrasateko udaleko Enplegu zinegotzi Edurne Unamunok.

Proiektu horren bidez, enplegatzaile eta profesionalen eskariaren egoera diagnostikatuko da, eta Udalak Alecop kooperatiba izango du horretarako bidelagun.

Galdetegia enpresei

Modu bat baino gehiago erabiliko dute enpresek egun dituzten eta etorkizunean izango dituzten pertsonal premiei buruzko ikuspegia jasotzeko. Batetik, enplegua sortzeko gaitasuna izan dezaketen hainbat alorretako enpresei galdetegi bat helarazita. "Zerbitzuen sektorekoak, industriakoak, eraikuntzakoak, logistika sektorekoak, mezularitzakoak, garbitasunekoak... Alor ezberdin horietako 70 enpresa aukeraketa bat egin dugu. Lehen lagina irizpide batzuek oinarri hartuta aukeratu dugu: intereseko eragileak dira, euren enpresetan lanpostuen sorrerari buruzko informazioa eman ahal digutenak", nabarmendu du Alecopeko Prestakuntza Zerbitzuen zuzendari Juan Antonio Martinek.

Galdetegi horretan, besteak beste, egiten duten jardunaren inguruan eta epe motz eta ertainera beharko dituzten langileen profilaren inguruan galdetzen zaie enpresei; baita lan barik dagoen profil jakin bateko jendea kontratatzeko aukeraz edota Udalak enplegagarritasuna sustatzeko dituen laguntzez eta estrategiez ere. Galdetegia enpresa jakin batzuei bidali bazaie ere, Udalak eta Alecopek azpimarratu dute edozein enpresak bete dezakeela, eta horretarako, eskuragarri jarri dutela Udaleko webgunean.

Aurrez aurreko bilerak

Bestetik, aurrez aurreko bilerak ere egingo dituzte zortzi enpresarekin: "Zortzi enpresa identifikatu ditugu, eta udalarekin batera horiekin elkartuko gara, elkarrizketa bat izanez enpleguaren gaia nola ikusten duten jakiteko eta beste hainbat konturen inguruan berba egiteko. Helburua da baita ere lan barik dagoen Arrasateko jendearentzat lan aukerak aurkitzeko estrategia posible bateratuak ikustea."

Lau hilabeteko epean egingo dute diagnostikoa, eta azaldu dutenez, proiektuan lortutako ebaluazio diagnostikoaren emaitzak eta ondorioak baliagarriak izango zaizkie bai Udalari baita herrian politika enplegu politika aktiboak kudeatzen dituzten beste administrazioei, orientaziorako eta bitartekaritzarako planak eraginkorrak izan daitezen lagunduko dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak