Neurriak malgututa, gerriak malgutzera

Hasier Larrea 2022ko ots. 11a, 17:18

Dragoi taldeko kadete mailako gimnastak, joan den asteburuan Ibarrako txapelketan.

Dragoi taldeko gimnastak lehiaketara itzuli dira, ia bi urteren ostean, joan den domekan Gipuzkoako eskolarteko amateur mailako lehen fasean parte hartu baitzuten: "Orain tariman gozatu nahi dugu, gure buruari presiorik jarri gabe".

Ilusioa berreskuratu dute Uarkape pilotalekuan eta Arrasate Institutuko gimnasioan entrenatzen duten herriko 130 gimnasta gazteek. Urtebete entrenatu ezinik eta beste hamar hilabete txapelketa gabe egon ostean, 2022ak argi pixka bat ekarri die Dragoi taldekoei: "Aurtengo denboraldia badirudi desberdina izango dela, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak egitekoak direlako", adierazi du Edurne Elkoro entrenatzaileak. 

Izan ere, pandemia garaian eskolarteko eta amateur mailako norgehiagokak Estatu mailan bakarrik garatu dira; talde txikiek ezin izan dute parte hartu, beraz. Alternatiba aerobicean topatu zuten klubeko gimnasta nagusienek: "Modalitate horretan lehiatzeak kirola egiten jarraitzeko aukera eman die. Gimnasia erritmikoa menperatzen zutenez, ondo moldatu dira aerobicarekin; txapelketa bat ere irabazi zuten Valentzian".  

Bueltan dira jendaurrekoak

Nolanahi ere, gimnasia erritmikoa da taldearen espezializazioa –%88ak praktikatzen du–, eta otsailaren 6rarte itxaron behar izan dute hain gustuko duten horretan lehiatzeko. Pilota eta uztailarekin aritu ziren Ibarran, lehen postua eskuratuz, kadete mailako Nira Cid, Eider Vazquez, Paula Andres, Iradi Belategi, Haizea Bolinaga eta Anne Hurtado; pilotarekin eta bakarka, aldiz, gazte mailako Maria Martiarena. Gipuzkoako txapelketa horren bigarren fasea martxoan jokatuko dute, eta lehen hamarren artean sailkatuz gero, maiatzeko finalean izango dira. 

Maria Martiarena, Ibarrako saioan.

Ate joka daukate, baita ere, martxoko Udaberri torneoa, ekainean Euskadiko txapelketan lehiatuko direla ahaztu gabe. Horietan alebin mailatik gorakoek parte hartzen dutenez, gazteagoek erakustaldietan eman dezakete euren dohainen berri: "Txikienei ilusio handia egiten die Musakolako San Isidro jaietan edo kurtso bukaerako ekitaldian irtetea; ea bi hauek antolatzerik badugun aurten", adierazi du Elkorok.

Lan-saioak, distantziatik 

Neurriak malgutzen ari diren arren, entrenamenduak maskararekin eta metro eta erdiko gutxieneko distantzia mantenduta jarraitzen dute egiten. Horren harira, Elkorok aipatu du musukoaren derrigorrezko erabilera kentzen dutenean gimnastei "kosta" egingo zaiela lehengo dinamikara itzultzea. Segurtasun-tarteagatik, aldiz, zenbaitek kalean geratu behar izan duela nabarmendu du, "20 laguneko taldeak 12ra" murriztu behar izan dituztelako.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak