Errugbi talde inklusiboek jokatzen duten Bultza Ligan daude Gasteizko Gaztedi eta Hernaniko errugbi taldea. Urrats hori eman nahi dute Arrasateko jokalariek ere, eta horregatik antolatu dute gaurko topaketa. Belen Aranbarri talde inklusiboko arduradunak azaldu du "mugei eta beldurrei aurre egiteko" baliatu nahi izan dutela saioa: "Beti jotzen dugu zaurgarrienak izan daitezkeenak babestera, baina horrelako ekintzekin erakutsi nahi dugu denok maila berean egon gaitezkeela errugbian eta ez dugula inolako beldurrik izan behar".
Desgaitasun egoeran daudenak, senior taldeetakoak, jada erretiratuta zeudenak... Denek dute tokia talde inklusiboak; are, Aranbarriren esanetan, denak dute maila bereko erantzukizuna. "Hemen inor ez da ondokoa baino gutxiago edo gehiago. Taldean denbora gehiago daramanak erakusten dio iritsi berri denari; hala, adibidez, desgaitasun egoeran dagoen jokalari bat irakasle bihurtu daiteke", azaldu du.
11:30ean hasita, hiru taldeetako jokalariek batera egin dituzte berotze ariketak eta entrenamendua. Ondoren, Bultza Ligako bi taldeek elkarren aurka jokatu dute, eta etxeko jokalariek eta haien familiek partidaz gozatu dute harmailetatik.
Aitortza, 50 urte bete dituen klubari
Bestetik, topaketetan, Hernanik keinu polita izan du Arrasate Errugbi Taldearekin: klubak egindako 50 urteak direla eta, txapela eskaini die. Hunkitu egin dira jokalari guztiak, gainerako taldeen berotasuna sumatzean.