Lezetxikiren garrantziaz jabetzeko pilulak datoz

Hasier Larrea 2022ko ots. 7a, 09:03

AZEko Jose Angel Barrutiabengoa eta Jabier Bengoa, ekimenaren kartelarekin.

Kulturateko Lezetxiki, neandertalen lurraldea erakusketak iraun bitartean behar besteko bisita gidatuetan, goi-mailako adituen hitzaldietan eta erakustaldi itxurako tailerretan izena emateko aukera egongo da, Udalaren webgunearen bitartez; oraingoz, harrera ona izaten ari da ekimena.

Neandertalek eta animaliek Arrasaten utzitako historiaurreko ondarearen "handitasuna" erakusteko asmoz, modu ugaritan gerturatuko dute gaia erakusketako antolatzaileek, hemendik eta apirilaren 9ra arte.

Bisita gidatuak eguenero

Otsailaren 10ean hasita, "hasiera batean", astean behin, ostegunero, azalduko dituzte Lezetxiki. Neandertalen lurraldea erakusketaren gaineko xehetasunak. Euskaraz egingo dute datorren astekoa, gazteleraz horren ostekoa, eta horrela behin eta berriz, apirilaren 7ko bisita gidatua amaitu arte. Hala ere, Arrasate Zientzia Elkarteko Jabier Bengoak adierazi duenez, jendea izen-emateetatik kanpo geratzen bada, "ez da bisita gidatu gehiago antolatzeko arazorik egongo; behar adina egingo ditugu".

Hiru hitzaldi mamitsu

Otsailerako, martxorako eta apirilerako konferentzia bana antolatuko dutela ere aurreratu du AZEko kideak. Lehena hilaren 21ean, 19:00etan, egingo du Maria Martinon paleoantropologo galiziarrak: "Mundu mailan aitortza jaso duen ikerlaria da, eta giza eboluzioari buruzko Espainiako ikerketa zentroa zuzentzen du; halako aditu bat gurera etortzea lortu dugu!", azpimarratu du Bengoak. Martxoaren 23rako eta apirilaren 5erako programatu dituzte beste bi hitzaldiak.

Zaldibarren, tailerrak

Neandertalen bizimodura "gutxi gorabeherako hurbilketa bat" egingo dute otsailaren 12an eta martxoaren 26an, 11:30ean, Jose Julian Marquezen eskutik. Aranzadi zientzia elkarteko kideak harriak mozteko, sua egiteko eta arkuak jaurtitzeko neandertalen metodoak zeintzuk ziren erakutsiko du, eguraldi ona eginez gero, Zaldibarko frontoian.

Eskaintza zabal horrekin erakusketari "merezitako hedapena" emango diote antolatzaileek.

Ikasleak, arretaz entzuten

DBHko ikasleei begirako bisita gidatuak ere egiten dihardute egunotan. Urtarrilaren 25etik otsailaren 9ra arte ari dira goizero bailarako ikastetxeetako nerabeei erakusketaren nondik norakoak azaltzen. Hori ez ezik, Lezetxikiri buruz egin diren ikus-entzunezkoei ere eskaintzen diete tartea, klaustroan jarritako pantailaren bidez, hain zuzen.

Gaztelupeko DBH-4ko ikasleak, Erik Arevaloren esanak entzuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak