Duela 50 urte baino gehiago jarri zuten martxan optika herrian. Ordutik optikaren arloak bizitako eraldaketa "izugarria" izan dela diote, eta teknologiak izan du horretan garrantzi handia. Hala ere, pantailek sortzen dituzten arazoez ere ohartarazi du Ainhoa Condek.
Zergatik zure bide profesionalerako arlo hau aukeratu?
Beti gustatu izan zait jendearekin tratua, gertutasuna, eta arlo hori lantzeko aproposa iruditzen zitzaidan lanbide hau. Etxean begi-osasunarekin arazoak izan dituzten senideak ditut, eta horrek ere eragin zuen erabakian.
Zer da zure lanbideak eskaintzen dizun onena? Eta okerrena?
Zalantza barik, lan honek duen onena jendeak ondo ikustea lortzea da, hobetzen dutenean nabaritzen zaien poztasuna. Okerrena, aldiz, batzuetan notizia oso gogorrak eman behar izaten ditugula. Ez da erraza izaten.
Nolako bilakaera izan duzue optika arloan azken urteetan?
Teknologiak aurrera eginda, azterketa askoz sakonagoak egin ahal ditugu. Ezin dugu diagnostikatu, baina gurean detektatuta, arazoa oftalmologoarenera azkar bideratzea garrantzitsua da. Ezinbestekoa da arazoak garaiz atzeman ahal izatea.
Hobekuntzak ekarri ditu, baina kalte ere egiten die gure begiei...
Batez beste, zazpi ordu pasatzen ditugu, egunero, pantailaren aurrean, eta hori asko igartzen da begiaren gorritasunean edo nekean. Baieztatuta dago, gainera, aire zabalean zenbat eta jarduera gutxiago egin, miopia orduan eta azkarrago garatzen dela. Itxialdi garaia izan zen horren adibide argia.
Eta zein da tendentzia, lentillak ala betaurrekoak?
Oraindanik ere betaurrekoak gehiago eramaten dituzte bezeroek, kirol arloan kenduta. Hala ere, geroz eta jende gehiago animatzen da biak konbinatzera; bai haurretan, baita helduetan ere.
Haurren kasuan, ez al da arriskutsua lentillen erabilera?
Ez dago adin finkorik lentillekin hasteko. Baina egia da umeen kasuan gurasoendako lan handiagoa dela; lentillak jantzi behar dizkiete, begien higiene ona mantendu behar du umeak, eskuak garbitu... Zuen leloan Arrasatekoak zaretela nabarmentzen duzue...
Zer baloratzen duzu gehien herritik?
Gertutasuna da garrantzitsuena. 50 urte baino gehiago daramatza martxan optika honek, eta arrasatearrei zerbitzua ematen ja-rraitzea da gure asmoa. Jendea lehenagotik ere badatorrela ikustea garrantzitsua da, konfiantza dutela erakusten du