Hasieratik gogor kantxaratu da etxeko taldea, eta lehen zati bikaina eginda, abantaila onarekin iritsi dira atsedenaldira (48-31): "Batez ere lehenengo zatian, oso gogor irten gara kantxara, defentsa sendoa erakutsiz, errebotean nagusituz eta kontraerasoan korrika eginez. Modu horretan, abantaila polita hartu dugu eta amaierara arte gure dinamikari eutsiz, garaipena lortu dugu", adierazi du Arri-k.
Hirugarren laurdenean ere abantailari eutsi diote moreek (65-43), eta azken laurdenean, zuloa handitu ere egin dute (86-52). Dena den, joaneko partidua oso presente izan dutela onartu du entrenatzaileak. "Izan ere, oso gogorra izan zen; azken segundoan irabazi genuen eta bagenekien Barakaldo aurkari gogorra izango zela. Edozelan ere, astean prestatu dugun guztia ondo atera zaigu eta merezitako garaipena eskuratu dugu".
Sailkapeneko lehen postura igota, horri eutsi gura diote datozen asteetan ere. "Gure helburua da partidu guztiak lehiatzea, bukaerara arte borrokatzea, bukaeran gure aukerak izateko. Gero, azken asteetan goian jarraitzen badugu, liga irabazten saiatuko gara. Zergatik ez?", azpimarratu du entrenatzaileak.
Taldea, egonkortzen
2020ko irailaz geroztik, emakumezkoen talde nagusiko jokalariak egiten ari diren lana "sekulakoa" izaten ari dela aitortu du Arri-k, baita azpitik datozen jokalari eta entrenatzaileak ere. "Guztion artean lortzen ari garena oso polita da eta bailarako neskentzako garrantzitsua da horrelako talde bat izatea erreferente moduan. Harmailak ere bete egiten dira taldea ikusteko, beraz, pozik gaude".