Zaldiekin egiten den terapia gaur egun dauden bestelako terapien osagarria da. Arlo horretan, 2012az geroztik Oñatiko Pottokaleku egiten ari den moduan, iazko irailaren 4a ezkero martxan den Gesalibar auzoko Zabolain zalditegiak ere badu erronka hori. "Zaldia elementu terapeutiko gisa erabilita, askotariko gaitasunak dituzten pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko asmoz lan egiten dugu", adierazi du Zabolaingo zaldi-terapiako irakasle Goizane Arcek.
Inguru naturalean lan egitearen garrantzia nabarmendu du irakasleak, naturarekin eta zaldiekin harreman estua izatearena. "Horrek ahalbidetzen du naturarekin edo animaliekin inolako kontakturik ez duten pertsonek esperientzia berriak bizitzea". Hori dela-eta, bereziki aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duten arren, zaldiekin eta naturarekin "kontaktu berezia" izan nahi duen edozein pertsonarentzat zuzenduta dagoela gaineratu du.
Hipoterapia eta ekinoterapia
Zaldiekin egiten diren terapiak edota ekintzak bi alorretan bereizten dituzte: hipoterapia eta zaldiketa terapeutikoa, ekinoterapia izenez ere ezaguna dena. Zabolaingo zalditegian biak erabiltzen dituzte.
Hipoterapia ahalmen fisiko eta kognitiboan urritasuna duten pertsonei zuzenduta dago. Izan ere, zaldiaren mugimenduaz eta bere gorputzarekin igortzen duen beroaz baliatzen den terapia mota da. "Zaldiak, mugitzean, pelbisaren bitartez, inpultso erritmikoak transmititzen dizkio gainean doanaren gorputz enborrari –90-110 inpultso minutuko–. Mugimendu tridimentsionala da, hainbat zentzutan: aurrera eta atzera, gora eta behera, eta ezkerrera eta eskuinera. Halaber, alboranzko desplazamendu eta errotazioak ere gertatzen dira, eta gizakiaren lokomozio patroia imitatzen du", dio Arcek. Horrek dakar arlo fisikoan, psikomotorrean, sentsorialean eta fisiologikoan onurak izatea.
Hipoterapiaren onurak:
- Arlo fisikoa: Muskulatura indartzea, tonu muskularraren kontrola, espastizitatea gutxitzea, lokomozio patroiaren mugimendua grabatzea eta automatizatzea, lateralitatea hobetzea, arnas aparatua estimulatzea, integrazio sentsoriala garatzea eta abar.
- Arlo psikomotorra: Gorputz enborra eta buruaren egonkortzea, gorputzeko oreka osotasunean garatzea, gorputz simetriaren garatzea, elastikotasuna hobekuntza eta abar.
- Arlo soziala: Komunikazioaren garapena, arreta hobetzea, autoestimuan eta norbere buruarekiko konfiantzan onurak, jarrera arduratsuaren garapena, harreman kooperatiboak lantzea…
- Arlo fisiologikoa: Arnas aparatuaren estimulazioa eta zirkulazio sistemaren estimulazioa.
Zaldiketa terapeutikoak, bestalde, zaldiez lagunduriko ekintzak erabiltzen ditu, erabiltzaileen arlo sozialean, emozionalean, fisikoan eta kognitiboan onurak eta aurrerapenak izateko. "Zaldiek gaitasun handia dute gizakion emozioak irakurtzeko eta oso animalia sentiberak dira. Beraz, asko laguntzen dute emozioak mugitzen. Hala, pertsona batek zaldiarekin konexioa lortzen duenean, pertsona horri ere sekulako boterea ematean dio, autoestimua, konfiantza eta abar". Terapia mota hau aproposa da garun paralisia, TDAH, TEA, garapen motorraren atzerapena, askotariko sindromeak –West, Williams, Down…–, autoestimu arazoak eta abar dituzten pertsonentzat.
Zaldiketa terapeutikoaren onurak:
- Arlo emozionala eta psikologikoa: Norbere buruarekiko konfiantza indartzea, inguruan dagoenarekiko interesa piztea edota interesa handitzea, norberaren bizitzarekiko maitasuna handitzea, arrisku egoeren aurrean erreakzionatzeko duten gaitasunaren garapena, pazientziaren garapena, kontrol emozionala eta autodiziplina moduko jarreren barneratzea, inpultsibitatearen kontrola handitzea…
- Arlo fisikoa: Giharrak indartzea, oreka ontzea, koordinazioa eta erreakzio abiadura hobetzea…
- Arlo soziala: Lagunak egitea, animaliekiko eta naturarekiko errespetua garatzea, esperientzia desberdinak bizi eta haiekin aberastea…
- Arlo kognitiboa: Oinarrizko trebetasun kognitiboak garatzea –memoria, arreta, plangintza…–, kontzeptu matematikoen barneratzea, begi-esku koordinazioaren hobekuntza, espazioan kokatzeko trebetasunak garatzea…
- Arlo komunikatiboa: Komunikazioa eta hitzen artikulazioa hobetzea –giharren erlaxazioari esker espastizitatea gutxitzen da ahoko giharrak ere erlaxatzen direlarik–, hiztegia aberastea…
Saioak, banaka zein taldeka
Saioak banakakoak zein taldekakoak izan ohi dira. Antton Unanue aretxabaletarra da bakarkako erabiltzaileetako bat, eta aitortu du lasaitu egiten dela zaldiekin egotean. "Serena zaldia da bereziena niretzako. Ez dakit nola, baina harreman berezi bat sortu zen bera eta nire artean. Izan ere, bera lasai egoten da nirekin eta ni asko lasaitzen nau berarekin egoteak. Hala, terapia egiten dut berarekin. Iraila ezkero etortzen naiz Zabolainera, baina betidanik izan dut zaldiekiko lotura estua, 12 urterekin hasi nintzen-eta zaldi gainean ibiltzen".
Uliazpitik Zabolainera
Aniztasun funtzionala duten pertsonez gain, haiekin lan egiten duten erakundeekin elkarlanean aritzea ere bada helburuetako bat, Judy Biallosterski zalditegiko arduradunaren esanetan, eta dagoeneko ari dira horietako batzuekin lanean. Bergarako Uliazpi erakundea da adibideetako bat. Erakunde horretan desgaitasun intelektuala dutenekin egiten dute lan eta bi astean behin joaten dira Zabolainera, bospasei pertsonako taldeetan. "Beste zalditegi batzuetan ibili izan gara, baina azkenaldikoak urrun geratzen zitzaizkigun. Iaz, ordea, Zabolaingo zalditegiaren berri izan genuen, eta, ezagutzera joan ginenean, izugarri gustatu zitzaigun. Gainera, oso adeitsu hartu gintuzten, eta haiekin lanean hasi ginen. Gure pazienteek zaldiekin harreman bereziak egin dituzte, garbitu egiten dituzte eta zaldi gainean ere aritzen dira batzuk. Oso gustura ari dira, aurpegian nabaritzen zaie hori, eta gu ere oso pozik gaude, alde horretatik", azaldu du Alejandra Farak, Bergarako Uliazpi zentroko arduradunak.
Aita Mennikoak, hasteko zain
Bestalde, Aita Menni ospitalearekin ere hastekoak dira lanean, baina, pandemia dela-eta, ezin izan dituzte saioak abiatu. "Etenda ditugu halako ekintza guztiak", dio Amaia Bolunburuk, Aita Menniko psikologo eta errehabilitazio zerbitzuko arduradunak. Gaineratu du desgaitasun intelektuala dutenez gain buru osasuneko arazoak dituztenendako aproposa izan daitekeela zaldiekin egindako terapia: "Frogatuta dago animalien bitartez gehiago estimulatzen direla pazienteak hitz eginez baino". Bestalde, aisialdirako ere egokia izango dela dio. "Paziente askok denbora luzea daramate ospitalean sartuta, eta halako irteerak egitea onuragarria izan daiteke haientzat". Hala, zain daude osasun egoera hobetu eta Zabolainera joaten hasteko. "Gogotsu gaude, bai gu eta baita pazienteak ere. Haiek ere galdetzen digute noiz hasiko garen".
Azkenik, Gipuzkoan adimen eta ahalmen desgaitasuna dutenei lan-aukerak sortzeko helburua duen Gureak enpresa ere aztertzen ari da Zabolaingo zalditegiarekin elkarlanerako aukerarik dagoen.
Umeentzako saioak ere bai
6 eta 12 urte arteko haurrentzako heziketa emozionala ere lantzen dute Zabolainen, hilean behin, zapatuetan. "Trebetasun emozionalak lantzeko jolasen eta zaldien maneiuaren bitartez, zaldien izaera hobeto ulertzeaz gain, hainbat balio lantzen ditugu: konfiantza, errespetua, talde-lana, autoestimua, emozioak eta abar". Istripu baten harira sortua Esan moduan, Judy Biallosterski da zalditegiko arduraduna, eta bere ekimenez sortu du proiektua: "1993an, nire senarrak auto istripu bat izan zuen eta garuna kaltetuta gelditu zitzaion. Hori dela-eta, Madrildik Arrasatera etorri ginen, Aita Menni ospitalean artatu zezaten. Medikuek aholkatu ziguten elkarte bat sortzea, eta hainbat lagunek Euskadiko kalte zerebralen elkartea sortu genuen, baita EAEko probintzia bakoitzean ere. Kongresu batean, zaldi-terapiari buruzko proiektu bat ezagutu nuen eta asko gustatu zitzaidan. Beraz, pentsatu nuen, zaldiekin daukadan esperientzia eta haiekiko dudan zaletasuna uztartuta, terapia hori eskaini eta jende askori lagun niezaiokeela", dio. Hasiera batean, elkartetik sustatzea gura izan zuen, baina, zaila zela ikusita, bere kabuz egin zuen aurrera.
Instalazioak ere aproposak ditu horretarako, barruko pista estalia delako. "Ni Herbehereetakoa naiz, eta han bai, baina Euskal Herrian ez dut halako zalditegirik ezagutzen. Hemengo klimarekin, funtsezkoa da".
Zaldian ibiltzeko ikastaroak, edonorentzat
Terapiaz gain, askotariko herritarrek hartzen dituzte zaldi gainean ibiltzeko ikasteko klaseak Zabolainen. "Gazteena lau urteko haur bat da, eta adinez nagusiko askotariko bezeroak ditugu. Txikienekin, saioak askoz ere ludikoagoak egiten ditugu, hau da, eserlekuarekin beharrean, manta bat jartzen diegu, zaldiarekin kontaktu gehiago izan dezaten eta oreka lantzen joan daitezen. Jolasak egiten ditugu, zaldi baten gainean daudela ahaztu dezaten eta izan ditzaketen beldurrak uxatze aldera. Esperientzia hartzen joan ahala, beste mota bateko ekintzak egiten joaten gara, oinarrizko hezteari dagozkionak", dio zalditegiko arduradunak.
Lehenengoz etortzen diren gehienek errepikatzen dutela nabarmendu du. "Astean behin etortzen dira, eta hori da zentzuzkoena. Badago jendea hilean behin etortzen dena, baina horiei gehiago kostatzen zaie erritmoa hartzea, normala den moduan. Astean behin etorrita gehiago aurreratzen eta ikasten da".