Ikasten jarraitzeko gogorik ez eta industrian lan asko zegoen arren, urdaitegian lanean hastea nahiago izan zuen Manoli Tenak, duela ia 40 urte. Bere lana maite duela dio, eta, batzuetan ordu asko diren arren, "oso pozik" dago urte hauetan guztietan egindakoarekin.
Nola hasi zinen arlo honetan lanean? Familiatik datorkizu?
Azokako urdaitegi batean hasi nintzen lan egiten, 14 urte nituela. Hainbat urtez bertan ibili eta gero, hogeita bost urte nituela pausoa eman eta harategia jartzera animatu nintzen, nire kontura. Dagoeneko 27 urte daramatzat. Hasieran, Seber Altuben jarri nuen, eta duela hamaika bat urtetik hemen nago, Otalora Lizentziaduna kalean. Baina ez, ez datorkit familiatik.
Okelaz gain, ezagunak zarete jaki prestatuengatik...
Lokalez aldatzean, aprobetxatu eta prestatutako jakiak eskaintzen ere hasi nintzen, eta, egia esanda, oso pozik nago; harrera ona dute, batez ere, jaiegun edo festetarako, elkarteetan edo lagunekin jateko. Eguneroko lanak ere oso ondo funtzionatzen du. Ez dut sukalde erraldoirik, eta, hortaz, ezin ditut horrenbeste eman.
Zer da zure lanak duen onena?
Jendearekin dudan harremana da onena; bezero finkoak dituzunean, konfiantzazko harremana sortzen da. Supermerkatu handien kasuan, esaterako, ez duzu harreman estu hori sortzerik. Hemen jendearen bizitzaren eta egoeraren berri duzu, eta beraiek ere zure kontuak ezagutzen dituzte. Adineko pertsonekin, adibidez, asko igartzen dugu hitz egiteko behar hori.
Eta okerrena?
Okerrena ordutegiak dira; dendako orduez gain, atzetik lan handia dago. Jakiak prestatu behar dira. Baina nik beti diot, gustura egiten baduzu, ez da horren txarra. Pozik egiten dut lan; asko balio du egunero jaiki eta lanera gustura joateak. Gabonak igaro berritan, topera ibiliko zineten... Egun arraroak izaten dira, lan askokoak, eta bultzada garrantzitsua da, bai, baina nik nahiago dut eguneroko martxa.
Igarri duzue alfertu egin garela eta prestatutakoa erosi?
Egun, jendeak gehiago jotzen du prestatutako plateretara. Elkarteetan edo bazkari bat antolatzerakoan, bestela, beti pertsona berberak aritzen dira otorduak prestatzen. Kuriosoa da: goizetan etxeko andreak edo adineko pertsonak etorri ohi dira, eta eramaten dutena ere klasikoagoa da. Arratsaldeetan, berriz, gazteagoak, san jakobo edo hanburgesa eskean.