Kulturola barrutik ezagutzeko aukera, urtarrilaren 17tik 23ra

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko urt. 11a, 15:50

Kulturolako aretoetako bat, komunikabideei egindako bisitan, abenduan.

Egunean bi saio izango dira, 18:00etan gazteleraz eta 19:30ean euskaraz, Arantza Otaduiren gidaritzapean. Bisita bakoitzeko gehienez ere 25 lagun onartuko dituzte eta, beraz, aurrez izena eman beharko da, udal webgunean edota BAZen.

Udal Gobernuak jakitera eman duenez, Kulturolaren eraberritzea azken txanpan murgilduta dago. "Lan guztiak ia amaituta, 4.786 metro karratuko azalera duen eraikinean azken erremateak burutzen ari da gara: argiteria, pintaketa, instalazioak eta abar".

Ondo bidean, datozen asteetan erabilgarri egongo da eta, hain justu, orduan lekualdatuko dira bertara herriko kultur eta sormen esparruko hemezortzi eragile eta Udal Euskaltegia.

Aurrez, hala ere, herritarrentzako ate irekiak antolatu ditu Udalak, Arantza Otaduiren gidaritzapean urtarrilaren 17tik 23ra egingo dituzten bisita gidatuekin. Egunean bi saio egingo dituzte, biak ere, arratsaldez: 18:00etan gazteleraz eta 19:30ean euskaraz. Bisita bakoitzeko gehienez ere 25 lagun egon ahal izango dira.

"Proiektu estrategiko nagusienetako bat"

Arrasateko Udal Gobernuaren agintaldiko "proiektu estrategiko nagusienetako bat" da Kulturola: "Azpiegitura oso garrantzitsua izango da herriko eragile eta taldeentzat. Sormen lana baldintza egokietan egiteko aukera eskainiko die eta, gainera, guztiak batera dauden espazio batean, harremanak ehunduz eta lan bateratuei bide emanez. Udal Euskaltegiarentzako ere instalakuntza berriak eta modernoak izango dira, euskara hauspotuz eta ikasketa prozesua erakargarriago eginez. Gainera, ondare historikoa berreskuratu dugu, gure izana. Arrasatearron nortasuna da eragile-sarea, kultura mugimendua, eta hori zaindu eta bultzatzera dator Kulturola".

Hemezortzi eragile eta euskaltegia

Eraikina Udal Euskaltegiaren eta herriko hainbat kultura elkarteren eta eragileren egoitza izango da, "kultura eta sormen gune erreferente bihurtuz": Izaskun Murgia Lirika elkartea, Arrasateko Konpartsa, Zaldibar areto-futbol txapelketa, Arrasateko Bertso Eskola, Doke Antzerki Taldea, Santamas Komisiñua, Arrasateko Gaiteroak, Portaloi Kultura Elkartea, Lore Gazteak Dantza Taldea, Txikitxu Arrostaitz Dantza Taldea, Arrasateko Trikitixa Eskola, Arrasateko Ttakun Txalaparta Elkartea, Udalaxpe Txistulari Elkartea, Loixe Zeramika Elkartea, Arrasate Margo Taldea, Sambamaña taldea eta SUDC. Eragile horiek guztiek dagoeneko bisitatu dute eraikina.

Industria ondarea, kulturaren bihotz

Kulturola eraikina da Arrasateko industria ondarearen "ikono garrantzitsuenetarikoa", Unión Cerrajera lantegiaren sarrera nagusia izan baitzen urte askoan. "Behin lantegiaren ateak itxita, Udalak eraikina errekuperatu du, kultur sormenaren bihotz bilakatzeko asmoz", dio Udal Gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak