Esperantza bazegoen ere, iazko formula bera errepikatzera behartu du COVID-19ak. Hortaz, Santamas egunean ez da kaleak alderik alde zeharkatzen dituen tokiko produktuen azokarik egongo. Horren ordez, Seber Altuben egin ohi den hileroko hitzordua izango da bihar, hileko hirugarren zapatua den legez. Udaleko Tokiko Garapen Saila arduratzen da hura antolatzeaz, eta, Nerea Lazpiur teknikariak azaldu duenez, ekoizle txikiek aukera polita izango dute mimoz egiten dituzten produktuak saltzeko. Kontrara, ez du ukatu "pena handia" dela santamasak ohi bezala ez ospatzea, Komisiñuak "lan handia" egiten duelako egitaraua antolatzeko eta herritarrek "ilusioz" hartzen dutelako osagai guztiak dauzkan feria berezi hori.
Ogia, barra-barra
Gutxienez, lehen sektorearen erakusleihoa ez da ezerezean geratuko. Horren jakitun da Itziar Egidazu okina; pandemia aurretik, hiru urtez jarraian hutsik egin gabe jartzen zuen postua, eta, iaz etorri ez bazen ere, aurten tokia izango du azokan. Arrasatearra izan arren, Nafarroako Lezaeta herrian bizi da okinaren ogibidea hautatu zuenetik. Senarrak eta seme-alabek laguntzen diote proiektuarekin, eta dio Mankomunitatearen laguntza baliagarria izan zitzaiola bideragarritasun-plana diseinatzeko garaian.
Herritarren aurrean aurkeztuko dituen ogiak martitzenean egiten hasi zen: "Eguazten arratsaldean eman nien forma, hurrengo pausoa labera eramatea izanik; ogiak zenbat eta freskoago egon, orduan eta hobeto saltzen dira". Mota askotako ogiak egiten ditu, baina, bat nabarmentzearren, gaztaina-ogiaren alde jo du. Aurten hasi dira fruitu hori erabiltzen irina egiteko, "lehortzen ari diren gaztainondoei balioa emateko" asmoz. Arrautza frijituarekin edo gazta zati batekin probatzeko gonbidapena egin du Egidazuk.
Etxezuri, Errastiko eta Artazubiaga baserrietako ekoizleek ere ekarriko dute euren eskuekin egindako ogia, mahai bakar batean ez dadin falta abendu bukaerako otordu luzeetako oinarri-oinarrizko jakia.
BAILARAKO ETA EUSKAL HERRIKO 21 EKOIZLEK JARRIKO DIOTE GATZA ZAPATU GOIZARI
Kosmetika naturala
Azala garbi eta ondo zainduta mantentzea hain garrantzitsu bilakatu den garaiotan, erosleak begirada zorroztu du produktuen letra txikia irakurtzeko orduan. Hargatik, osagai naturalekin egindako krema, ukendu, xaboi, besapeko, lubrifikatzaile edota hortzetako pasten katalogo zabala jarriko dute Gesalibar auzoan dagoen Udalatx Mintegiko artisauek.
Idurre Aranguren eta Nerea Altuna dira proiektu horren arduradunak, eta diote "asko" igarri dutela nola jendeak "ohitura osasuntsuagoen alde" jo duen pandemia hasi zenetik. Hileroko hirugarren zapatuetara etortzen diren erosleek ondo ezagutzen dituzte, hutsik egin gabe agertzen direlako plazan. Izan ere, landareekin jarduten dute urte osoan: "Orain, baina, ez da sasoirik onena, urtarrilean hasten dugulako udara begirako ereinaldia; hala ere, pazko lorea, tipulina, baba beltza, ilarra eta berakatza landareak ekarriko ditugu".
Hangoak eta hemengoak
Arrasateko azoketako beste aurpegi ezagun bat Felix Barcina da. 82 urterekin, egurra egunerokoan erabilgarri diren zereginetarako tresna bilakatzen jarraitzen du, baita tresnok jendaurrean erakusten ere. Eskuartean artisau taldeko kideek ere euren saltokia izango dute biharko azokan, baina bertaratu ezingo denak izango du beste aukerarik herriko sortzaile horien eskuekin egindako Gabonetako opariren bat erosteko, hilaren 22an, 23an eta 24an egongo baitira Seber Altuben goiz eta arratsalde.
Glutenik gabeko gozoak ere ez dira faltako, Ainara Abasolok ekarriko baititu Bedoñatik. Eta euren produktuak erakusteko kilometro batzuk egingo dituztenak ere azalduko dira; horien artean daude, esaterako, Nafarroa Behereko ahatekiak edota Bermeoko arrain kontserbak ekarriko dituzten produktoreak. Azkenik, Arabako lautada promozionatzeko asmoz etorriko den ADRL elkartea ere ezin aipatu gabe utzi. Aho-zapore gozoarekin geratu nahi duenak edo gertukoei sor-presaren bat eman nahi dienak badaki nora jo, beraz.