Nolakoa izan da obra sinfoniko hori sortzea?
Nire kasuan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak egindako proposamenari jarraituz aukeratu ninduten, eta, beraz, egin dudan obra haientzat izango da. Sorginen soinua izenburua jarri diot eta hamabost minutu inguru irauten du. Oso polita eta gogorra izan da; sorginen inguruko liburu pila irakurri eta pelikulak ere ikusi behar izan ditut.
Zein da izenburu horren atzean dagoen istorioa?
Zazpi sekziotan banatutako obra da, dena jarraian jo arren, eta zati bakoitzean sorginen soinua imajinatu dut: ilargiaren zuritasunak belardian egiten duen argia imajinatu dut hasteko; ondoren, gauean intxaurrondoen artean sorginen dantza imajinatu dut; jarraitzeko, sorginen aieneak entzun daitezke; gero, akelarre bat etorriko da, Akerbeltzen jaia eta orgia bat imajinatu ditut; jarraian, sorginen dantza; irrintzi bat ere imajinatu dut; eta, bukatzeko, sorginen hegaldi bat. Antzina emakume haiek sufritu zuten errepresioari buruzko obra bat egin nahi nuen, eta, nolabait, haienganako omenaldi bat ere.
Noiz entzun ahal izango da obra?
Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren 2022-2023 ikasturtean entzuteko egina dago. Iruñean joko dute lehenengo aldiz eta Nafarroan beste pare bat aldiz gehiago jotzeko konpromisoa erakutsi dute, zein herritan ez dakiten arren. Nik uste dut irail edo urri aldera entzun ahal izango dela.
Orain, badaukazu proiekturik esku artean?
Urte oparoa izan da, lan asko izan ditut; besteak beste, Laura Sierra pianistaren eskutik estreinatu zen irailean nire lanetako bat, Psiqué izenekoa, eta urrian Isabel Perez pianista gaztearen eskutik Sillage obra estreinatu zen. Orain, beste eskakizun baten ari naiz lanean, Santanderko festibalerako, baina horren inguruan ezin dut ezer esan oraindik.
Zergatik dira hain garrantzitsuak horrelako ekimenak?
Konpositore batentzat oso zaila da musika sinfonikoa idaztea; hau da, orkestra handi baterako musika konposatzea. Orkestrako programazioa, normalean, oso erosoa izaten da eta ez dute musika garaikidearen edo XXI. mendeko musikaren aldeko apusturik egiten. Ondorioz, ni bezalako konpositore batentzat oso zaila da horrelako obra baten enkargua izatea, eta horrelako ekimenak opariak dira guretzat. Nire kasuan, adibidez, obra pila estreinatzen ari naiz azken hilabeteetan, baina gehienak formatu txikietan interpretatzeko izaten dira.
Entzun al du inork obra hori?
Hasteko, neuk ere partzialki entzun dudala esan daiteke. Esan gura dudana da konpositoreok lehenengo geure buruan entzuten dugula, eta, ondoren, paperera pasatzen dugula. Gaur egun daukagun tresna eta baliabide guztiekin gutxi gorabeherako bat entzun dezakegu, baina ni naiz entzun duen bakarra, noski. Egia da senarrak eta seme-alabak direla nire sorkuntza musikalak eta nire ideia artistikoak jasaten dituztenak. Ondorioz, haiek ere ideia bat egin dezakete beraien buruan, baina, bestela, nik bakarrik entzun dut, eta horrela behar zuen izan.