Orain dela 16 urte baino gehiago zabaldu zuten Biark osatzen duten Asier Hormaetxea eta Aritz Etxebarria arkitektoek bulegoa Arrasaten. Aldez aurre-tik Donostiako eta Bilboko hainbat bulegotan aritu ziren lanean. Baina, urte batzuen ostean, konturatu ziren bulego propioa jarri eta Arrasaten bertan gura zutela lan egin.
Normalean, zeintzuk dira gehien egiten dituzuen lanak?
Zaharberritze eta birgaitze arloa da gehien jorratzen duguna. Txaletetan ere egiten dugu lan, baina, batez ere, fatxadak, teilatuak, igogailuak, baserriak, lokalak, ITEak...
Bizilagunen komunitateetan zaila izango da denak ados jartzea.
Denetarik dago, baina bai, egia da. Batez ere, ekonomikoki bakoitzak bere egoera pertsonala du eta akordioetara iristea ez da erraza izaten, baina horretarako egoten dira dirulaguntzak, kredituak...
Zer da zuen lanak duen onena?
Onena jendearekin daukagun harremana dela esango genuke. Jende asko ezagutzen dugu, eta polita izaten da eurei entzutea eta gero erronka hori gauzatzea. Azkenean, euren beharren arabera kontratatzen gaituzte, eta, horrenbestez, guk gai izan behar dugu behar horiek errealitate bihurtzeko.
Okerrena, aldiz?
Askotan, ordu asko sartu behar direla lanean proiektu hauek aurrera eramateko.
Zenbaterainoko aurreztea ekar dezakete halako lanek?
Desberdina izaten da kasuaren arabera, kontuan hartu beharreko faktore asko egoten dira eta: orientazioa, eraikinaren forma, eraikina osatzen duten etxeak/lokal motak, leiho mota, galdarak... Eta gero, zer-nolako aktuazioa egiten den eraikinean. Baina, orokorrean, %60-80koa izan daiteke aurrezpena. Igogailuak ere jartzen dituzue.
Musakolan, adibidez, zer garrantzi dauka horrek?
Jende nagusi asko etxetik ezin irtenda egon da urte askoan, mugikortasuna mugatuta duelako eta ezin delako eskaileretatik jaitsi. Halako kasuak topatu ditugu, etxetik irten barik urteak daramatzatenak. Hori oso gogorra da, eta igogailuarekin bizi berri bat lortzen du, bat-batean, pertsona horrek.
Isolatutako etxe zahar baten eta etxe berri baten aldean, zer nahiago? Etxe berriek, orokorrean, kalitate onak dakartzate?
Gaur egun dagoen araudia oso gogorra eta zorrotza da efizientzia aldetik, bai etxe berrietan, baita ere zaharberritzean. Parametro eta datu zehatz batzuk lortu behar dira.