Lauzpabost urte daramatza Ekin Emakumeak Elkarteak hileroko ipuin kontaketak antolatzen, Arrasaten hitz egiten diren hizkuntza ugariei presentzia emateko helburuarekin. Ludoteketan egiten dituzte saioak: pertsona migratu batek bere jatorrizko hizkuntzan kontatzen ditu ipuinak, eta gero, euskaratu egiten dituzte antolatzaileek.
Udal Bibliotekaren eta Udaleko Aniztasun Sailaren laguntza izan ohi dute horretarako, eta Ekineko Jasone Giraldok aipatu du denborarekin gero eta interes handiagoa piztu duela egitasmoak: "Hasieran, haurrak bakarrik geratzen ziren entzutera, baina gero, gurasoak ere hasi ziren etortzen; deigarria iruditzen zaie zenbat hizkuntza ditugun gurean".
Ikuspuntu aldaketa
Programa horren baitako ekimen berezia Gabon aurreko astean egiten dute, Pertsona Migratuen Nazioarteko Astearekin bat eginez: "Antzeztu izan ditugu ipuinak txotxongiloekin, eta iaz, AEDko Ttak gazte taldeari eskatu genion ipuin musikatu bat kontatzeko". Saiakera hura ondo irten zenez, berriz onartu dute enkargua gazteek. Taldean sor-tu dute ipuina, hona datozen pertsonen azalean jartzeko: "Ho-rretarako, New Yorkera bizitze-ra doan haur euskaldun baten inguruan eraiki dugu istorioa, euskal etxeei ere aipamena egi-nez", adierazi du Libe Argoitiak, Ttakeko kideak.
40 minutu inguruko saioan, musikaren bidez girotuko dute kontaketa, eta atal hori istorioaren parte bilakatu: "Haurra hegazkinean sartzen denean, aurikularrak jarriko ditu, eta entzuten duen kantua zuzenean entzungo dugu guk ere".
Gazteen sormena bultzatzen
Ttak taldearen proiektuetako bat izan da orain arte Ausortu, baina aurten buelta bat eman diote planteamenduari, "herriko sortzaile gazteei protagonismo gehiago emateko". Duela aste batzuk gaztetxean egin zuten lehen topaketa hamalau sortzailek, eta atera zuten ondorioetako bat izan zen ez daukatela sorkuntza prozesuak behar bezala garatzeko espaziorik. Hori eta beste hutsune batzuk betetzeko elkarlanak izango du jarraipenik aurrerantzean.