Ibai-arte merkatarien elkartearen Gabonetako kanpainari segida emanez, datorren astelehenean Herriko Plazan izango dute hitzordua arrasatearrek. Herriko komertzioetan kontsumitzea sustatzeko eta kaleak bizirik mantentzeko helburuarekin aurkeztu zuten ekimena hilabete hasieran, eta bi helburu horien baitan osatuko dute abenduaren 20ko jarduna ere. Zehazki, Arrasaten kontsumitu duten herritarren artean 50 otarren zozketa egingo dute lehenik, eta musikari arrasatear baten kontzertua izango da gero.
Ibai-artek telefono zenbaki bat egokitu zuen abenduaren lehenean, Whatsapp bidez erosketa-tiketa bidali eta Gabonetako 50 otarren zozketan parte hartzeko. Baldintza bakarra zen: erosketa-tiketak herriko komertzioetan egindako erosketenak izatea. Bada, astelehenean arratsaldeko 19:00an ezagutuko dira 50 zortedunak, Herriko Plazan bertan.
Zahara Galan
Bea Etxabe Ibai-arteko presidenteak aurkezpen ekitaldian esan zuen bezala, pixkanaka herriaren bizitasuna berreskuratzea da helburua, "ekintza eta eskaintza interesgarriak" eginez. Bide horretan, astelehenean bertan Zahara Galan musikari arrasatearrak kontzertua eskainiko du plazan 19:15etatik aurrera, otarren zozketa ostean, alegia. Hainbat kantu propioz osatutako "proiektu freskoa" taularatuko du Galanek, pop, rock eta hiri-soinuak uztartzen dituena.