Egitarau zabala, abenduan ere Arrasaten kontsumitzea sustatzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko abe. 1a, 18:06

Udal ordezkariak, Ibai-arteko ordezkariekin eta Zahara Galan eta Borja Gomez musikariekin, Herriko Plazan.

Arrasateko Udalak eta Ibai-arte merkatarien elkarteak elkarlanean, hilabete osoko egitaraua antolatu dute, arrasatearrek herrian kontsumitzea sustatzeaz gain, kaleak bizirik mantentzeko helburuarekin: "Bultzada bat eman nahi diogu herriari", dio Maria Ubarretxena alkateak.

Azken urteetan, hainbat urtez jarri izan dute izotz pista, baita txirrista erraldoia ere. "Iaz, pandemiaren ondorioz, ezer ezin izan genuen jarri, eta aurten Ibai-arte merkatarien elkartearekin elkarlanean, egitarau bat osatzea erabaki dugu", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. "Osasun egoera ona ez den arren, egitaraua aurrera eraman ahal izango dugula uste dugu, segurtasun neurri guztiak zorrotz mantenduta. Gure herriak eta tokiko merkatariek bultzada bat behar dute eta egitarau honek gure kaleak alaituko ditu. Izan ere, gura duguna da arrasatearrek herrian kontsumitzea".

Bea Etxabe Ibai-arteko presidenteak adierazi du pandemiak "zuzenki" eragin diela merkatariei, baina "pixkanaka" herriaren bizitasuna berreskuratzen joan nahi dutela, herritar zein bisitarientzako "ekintza eta eskaintza erakargarria" osatuz. "Arrasate herri komertzial eta bizia dugu helburu, gorantza eramatea berriz ere". Halaber, "oso pozik" azaldu da elkarlanerako aukera izateagatik, "udalarekin zein herriko musikariekin".

Zahara Galan, hilaren 20an

Zahara Galan eta Borja Gomez izango dira etxeko musikariak. "Talde hasiberria gara oraindik, konfinamendu garaian hasi ginen martxan. Gure abestiak joko ditugu, izan ere, dagoeneko hiru abesti propio grabatu ditugu estudioan, horietako lehena Tiempos dificiles izenekoa", dio Galanek. "Gogotsu" daude kontzerturako. "Modu akustikoan ariko gara eta espero dugu herritarren gustukoa izatea". Aurten gaztetxean eta Aldai parkean jo dute orain arte, eta hau haien hirugarren emanaldia izango da. 

Abenduaren 4tik 30erako egitaraua

Abenduak 4 eta 5

  • 11:30-14:00 eta 17:30-20:00 Biteri plazan, jolas parkea: puzgarri erako txirrista, puzgarri jauzilaria, bola zoroak eta abentura zirkuitua tirolinarekin.

Abenduak 11

  • 12:00-14:00 Herriko kaleetan, Zirkun Zirkoa: malabaristak, akrobatak, orekariak eta abar.
  • 19:00 Herriko kaleetan, A-TA-KA ikuskizuna. "Zerua beren koreografiarekin eraldatzen eta argitzen duten izaki hegalarien ikuskizuna".

Abenduak 11 eta 12

  • 11:30-14:00 eta 17:30-20:00 Biteri plazan, jolas parkea: puzgarri jauzilaria, Army oztopo pista, sistema interaktiboa...

Abenduak 17

  • 19:00 Arbolapetan, William Rodriguezen emanaldia, modu akustikoan (Arrasate Blues jaialdian aritutakoa da).

Abenduak 19

  • 11:30-14:00 eta 17:30-20:00 Biteri plazan, jolas parkea: puzgarri erako txirrista, puzgarri jauzilaria, jumping-a...

Abenduak 20 

  • 19:15 Herriko Plazan, Zahara Galan eta Borja Gomez (musika akustikoa). Ondoren, Gabonetako 50 otarreen banaketa.

Abenduak 28, 29 eta 30

  • 11:30-14:00 eta 17:30-20:00 Biteri plazan: eski simulagailua, abentura zirkuitua tirolinarekin...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak