Begirada globala lan duinari, aniztasunetik eta pandemia garaian lelopean, nazioarteko jardunaldia egingo dute eguaztenean Debagoieneko Ezker Kultur Gunean, 18:00etan, eta Explotapp dokumentalaren estreinaldia izango da, besteak beste. Paz y Solidaridad Euskadi, Debagoieneko Ezker Kultur Gunea eta Amerika Elkartea dira antolatzaileak.
Explotapp 25 minutuko ikus-entzunezkoa da prekarietatea du oinarri. "Plataforma digitaletan dauden lan eskubideez dihardu, Glovo edota Deliveroo moduko enpresetako langileen errealitatea ardatz hartuta, Euskadin zein El Salvadorren".
Film laburraren ostean, Ezker Anitza-IUko, Amerika Elkarteko eta Paz Y Solidaridad Euskadi elkarteko ordezkariek hartuko dute hitza, plataforma digitaletan bizi den errealitatearen ikuspuntu orokortu bat bilatu nahian.
Azaroan, hain zuzen, lan duinari buruzko erakusketa egon zen ikusgai Debagoieneko Ezker Kultur Gunean, eta erantzun ona izan zuen, Ezker Anitza-IUko kideek adierazi dutenez. Ekintza hauen bidez lortu nahi dutena zera da: "Kontsumismoak eragiten duen inpaktua azaleratu eta horretaz kontzientzia piztea".