Bi proiektu ditu esku artean Harreman gobernuz kanpoko erakundeak. Batetik, Mozambiken, Mundukideren eskutik, nekazariekin lanean dihardute, nekazaritza ekoizpena hobetu eta handitu dezaten eta, horrela, haien bizi-kalitatea hobetu. Proiektuaren koordinatzaileak nabarmendu du "miseriatik pobreziara igarotzeko" egiten dutela lan. Indiako Ankur harrera-etxean berriz, familia oso pobreetako 200 haur baino gehiago jaso eta babesten dituzte, "etorkizun duina izan dezaten elikadura eta heziketa eskainiz". Zuzendariak adierazi du inork ezin diela guztiei lagundu, "baina denok lagun diezaiokegu norbaiti".
Bi proiektu horietan COVID-19aren pandemia larriagotzen ari dela ohartarazi dute Harremaneko kideek. "Eta guk zuengandik jasotzen dugun bultzadak gure helburuarekin jarraitzera animatzen gaitu, pertsona behartsuenei laguntzeko jarduerak landuz eta antolatuz".
Era berean, laguntza eman daiteke behean adierazitako edozein banketxetan, Harremanen kontu batean, dohaintza puntuala edo aldizkakoa eginez.
- Laboral kutxa: ES23 3035 0001 50 0010042825
- Kutxabank: ES95 2095 5055 51 1061985981
- Caixabank: ES67 2100 1972 03 0200112601
- Caja Rural: ES83 3008 0253 49 2793534526
Laguntza, zuzenean proiektuetara
Lagundu nahi duten pertsona guztiei azpimarratu nahi izan diete, bildutako dirua zuzenean proiektuetara bideratzen duela Harremanek, ez dagoelako bitartekorik ezta egitura-gasturik ere. "Proiektuekin konprometitutako pertsonak boluntarioak gara, pertsona guztientzat mundu justuagoa, iraunkorragoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko beste asmorik gabe. Amaitzeko, aukera honetaz baliatzen gara pertsona, elkarte eta erakunde solidario guztiei gure eskerrik beroenak helarazteko, emandako laguntzagatik eta aldi berean Eguberri zoriontsuak opa dizkizuegu, datorren urtea guztiontzat ona izan dadin".