Informazioa eta laguntza ematen ari dira egunotan TAOko langileak

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko abe. 9a, 17:02

TAOko langileak, makinan, herritar bati informazioa eta laguntza ematen.

Dagoeneko indarrean da TAO sistema berria, eta, lehen egunak "nahiko aldrebesak" izan diren arren, "martxa onean" ari da funtzionatzen, horretaz arduratzen diren langileek diotenez; bost langile daude: lauk kalean dihardute eta batek, bulegoan.

Hasiera batean, makina guztiak ondo dabiltzan baieztatzen ari dira, eta baita informazioa eta laguntza ematen ere: "Bertakoen guneetan papertxo batzuk jartzen ari gara, oraindik ere txartela ez daukatenak txartela egitera animatzeko. Izan ere, batzuek oraindik ez dute txartela tramitatu eta beste batzuek azken unera arte itxaron dute, sistema martxan jarri arte. Beste gune batzuetan ere informazioa ematen ari gara, baita aparkatuta dauden autoetan ere, dagoeneko sistema martxan jarri dela esanez, nahiz eta ez dagoen isunik lehen bi hilabeteetan".

Esan moduan, bost langile dira TAO sistemaz arduratzen direnak, eta kalekoak binaka ari dira. "Herritarrei sortzen zaien zalantzak argitzen saiatzen ari gara, baita tiketa modu egoki batean ateratzeko laguntza ematen ere. Halaber, haiei ere esaten diegu haien kabuz ondo informatu daitezela eta makinak behar bezala erabil ditzatela".

Lehen egunak "nahiko aldrebesak" izaten ari dira

Aitortu dute lehen egun hauek "nahiko aldrebesak" izan direla, jaiegunak egon direlako tartean. Halaber, aitortu dute isunik ez dagoela baliatuta badirela ezjakinarena egiten duten herritarrak ere. "Gu kontziente gara horretaz, baina dagokion informazioa ematen diegu kasu bakoitzean, eta abisatzen diegu gero isunak etorriko direla". Zera gaineratu dute: "Gu langile soilak gara, eta ordenantza betearazten dugu, zerbitzu bat emanez. Arrasatearrentzat egiten dugu lan, tiketa ordaintzen dutenentzat, eta sistema ez errespetatzea bertakoekiko errespetu falta da. Kontzientzia horrekin egiten dugu lan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak