Urtebete baino gehiago igaro da osoko bilkuran sistema arautzen duen ordenantza onartu zenetik, eta gaur egikaritu da udalaren orduko erabakia: martxan da Arrasateko TAO sistema berria. Bi hilabeteko probaldiarekin sartu da indarrean aparkatze sistema berria; hots, Anuska Ezkurra Udal Gobernuaren bozeramaileak adierazi bezala, "tiketa ateratzea eta ordaindu beharrekoa ordaintzea nahitaezkoa izango da, baina guneen zaintzaz arduratzen diren langileek ez dute isunik jarriko". Lehen bi hilabete hauen helburua herritarrek zerbitzu berria ezagutzea, bere egitea eta aparkaleku motak lokalizatzea izango da, Ezkurraren arabera.
Zortzi barrutitan bereizitako bost tarifa mota daude, baina berezia izan da lehen eguna. Izan ere, marra zuri-urdinek adierazten duten TAO Express guneak eta gorriz eta urdinez markatuta dauden Doako TAO guneak soilik hartu behar izan dituzte aintzat herritarrek, eta goizeko 9:00tik 13:30era, gainera. Zapatua izaki, TAO Arrunta, TAO Luzea eta Bertakoak guneek ez dute izan ordutegi muga eta tarifarik. Eta domeka eta asteleheneko jaieguna tarteko, hala izango dira bost guneak bihar zein etzi.
Asteartean, osotasunean
Asteartea izango da, beraz, sistema berria bere osotasunean martxan jarriko den lehen eguna.