Goi mailako abeslarien eskutik, melodia lirikoak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko abe. 10a, 12:00

Helena Gallardo sopranoa.

Ozenki elkarte lirikoak urteroko gala lirikoa antolatu du abenduaren 14rako, martitzena. Opera, zarzuela eta bestelako melodia lirikoak gustuko dituztenendako ezinbesteko hitzordua izango da.

Goi mailako abeslariak bertatik bertara Amaia antzokian ikusteko aukera paregabea egongo da martitzenean. Gainera, aurtengo berezitasuna izango da Arrasateko Goikobalu abesbatzaren laguntza izango dutela taula gainean abeslariek.

Opera pasarteak

"Galak bi zati izango ditu: lehenengoan, opera zatiak entzuteko aukera egongo da; eta bigarrenean, zarzuelako abestiak eta erromantzak", azaldu du Ozenki elkarte lirikoko kide Manu Gallardok. Gallardok gaineratu du pieza oso ezagunen pasarteak abestuko dituztela, denendako ezagunak izango direnak: "Bizeten Carmen, Verdiren Trobalaria eta Pucciniren Tosca opera entzutetsuak abestuko dituzte, besteak beste". Bigarren zatian ere Amaia antzokiko entzuleak ez dira hotz geratuko: "Katiuska, La tabernera del Puerto, La verbena de la paloma eta halako abestiak eskainiko dituzte". Tenorea eta sopranoa Helena Gallardo izango da sopranoa; eta tenorea, aldiz, David Baños. Gallardok ibilbide luzea du oholtzaren gainean. Soprano profesionala izateaz gain, aktorea eta idazlea ere bada. Musika ikasketak Madrilen egin zituen. "Nazioarteko mailan dabilen sopranoa da", dio Manu Gallardok. Baños, berriz, Europan kontzertuak ematen dabil. "Bukaresten kantatzen dabil, eta geldialdia izango duela aprobetxatuko du Arrasatera etortzeko", azaldu du Ozenkiko kideak.

Gozatzeko aukera

Amaia antzokira joaten denak melodia lirikoez gozatzeko "aukera paregabea" izango duela dio Manu Gallardok: "Lirikaz gozatuko dute, nazioarte mailako abeslariekin". Horrelako formatuak egitera ohituta daude Ozenki elkartean: "Orain dela urte batzuk, opera formatuak antolatzen genituen, baina pandemiak eragin du bestelako formatuetara egokitzea". Opera handi bat antolatzeko denbora luzea behar da, eta formatu handia izanda jende asko mugitu behar dela gaineratu du, horrek ekonomikoki dakarren kostuarekin. Arrasaten, eta bailaran, orokorrean, melodia lirikoekiko zaletasun handia dagoela dio Ozenkikoak: "Hemengo jendea oso zalea da. Hala ere, horrelako herrietan erdi mailako formatuko ekitaldiak egiten dira. Formatu handikoa ikusteko Bilbora joan beharra dago. Gasteizen eta Donostian ere egiten dituzte, baina, esan bezala, formatu handiak kostu ekonomiko handia eskatzen du, eta zaila da horrelakoak antolatzea". Hauxe gehitu du: "Gu saiatzen gara erdi mailako formatuak eskaintzen, prezio onargarri baten".

Arrasateko Amaia antzokia horrelako formatuak egiteko antzoki paregabea dela dio Manu Gallardok.

Segurtasun neurriak

Gala lirikoa ikusteko sarrerak Udalaren atarian eta Kutxabanken daude salgai, eta leihatilan bertan ere salduko dituzte, 15 euroren truke. "Egia da pandemiagatik jendeak atzera egiten duela horrelako ekitaldietan parte hartzeko, baina dagoeneko saldu ditugu sarrera batzuk eta uste dugu martitzenera arte ondo salduko direla", nabarmendu du Manu Gallardok. Jaurlaritzak eta Udaleko Kultura Sailak ezarritako segurtasun neurriak bete beharko direla gaineratu du: "Guztion segurtasuna da garrantzitsuena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak