Euri-jasen pare jarriko dira akordeoi doinuak, zapatutik astelehenera

Hasier Larrea 2021ko abe. 3a, 14:20

Radu Ratoi, 2019ko irabazlea, Amaia antzokian.

Arrasate Hiria Nazioarteko txapelketan punta-puntako sei soinu-jole arituko dira, Gipuzkoako Lehiaketan 28 eta Gipuzkoako Jaialdian 146. Antolatzaileek gogoz hartu dute iaz egin ezin izan zuten ekitaldia.

Dagoeneko 27 aldiz egin dute Hauspoz elkarteak antolatzen duen Arrasateko Akordeoi Lehiaketa; esperientzia handia izanagatik, 28.a aurrera ateratzeko zailtasunekin topo egin dute enkontruaren sustatzaileek, baina, hala eta guztiz ere, gogotsu heldu diote egitekoari. "Iazkoa bertan behera geratzearen albistea penaz jaso genuen; horregatik, oso garrantzitsua zen guretzat aurten lehiaketa berriz ere antolatzea", adierazi du Maria Zubimendik, Hauspoz elkarteko kideak.

Oholtza gainean zein kanpoan

Egiteko horretan ez dira bakarrik egon, Arrasateko Udalaren, Arizmendi ikastolaren eta herriko elkarte gastronomikoen taldearen –SUDC– babesa izan baitute une oro. Beraiei eta "herrian egoten den giroari" egotzi dio Zubimendik kanpoko zein tokiko akordeoi-joleek Arrasatera etortzeko izan ohi duten prestutasuna: "Lehiaketa honek baditu bi desberdintasun: bata, maila ikaragarriko musikariak etortzen direla; eta bestea, sortzen den epeltasuna". Izan ere, partaideek elkar ezagutzeko aukera izaten dute oholtzatik kanpo, elkarte gastronomikoetan otorduak egin eta euskal kultura ezagutzeko tartea izaten dutelako: "Horrek atentzioa ematen die; agian, Euskal Herritik kanpo ez dutelako halakorik egiten".

AMAIA ANTZOKIA, KULTURATE ETA FERIXALEKUA IZANGO DIRA JAIALDIAREN AGERTOKIAK

Pandemiaren arrastoa

Aurtengo aldiak ez du herri-kutsu hori galduko, baina osagai batzuk faltako zaizkio; nazioarteko partaide gehiago, esaterako. Hasiera batean, hamar musikari ziren Nazioarteko Txapelketan lehiatzekoak, baina, azkenean, sei izango dira: Bielorrusiako, Santanderko eta Txinako bana eta Poloniako hiru.

Horrez gain, ikusleen artean distantziak errespetatzea eta maskara jartzea derrigorrezkoa izango da: "Badakigu ezin dugula egoera ehuneko ehunean kontrolatu, baina protokoloa, gutxienez, zainduko dugu". Zubimendik gogoratu du lehiaketak ikusteko ez dela sarrerarik aurrez eskatu beharko; bai, ordea, sari banaketarako. Amaierako gala hori astelehenean, 19:00etan hasita, izango da, Amaia antzokian.

Musikariak protagonista

Esan bezala, hango eta hemengo soinu-joleen elkargunea izango da Arrasate, hiru multzo nagusitan sailkatutako txapelketan.Gipuzkoako sariketari dagokionez, haur mailakoek, gazte mailakoek eta seniorrek hartuko dute parte hiru egunez, bai Amaia antzokian eta baita Kulturaten ere.

Gipuzkoako jaialdia, berriz, bi areto horietan eta Arizmendi ikastolan, Ferixalekuan, izango da. Gazteenek izango dute azken hilabeteetan ikasitako piezak aurkezteko aukera.

Eta sona handiena duen lehiaketako partaideak, nazioartekoak, hain zuzen, Amaia antzokian arituko dira aurrez aurre. Horiek epaitzen arituko da Iñaki Alberdi aditua, Japoniatik, Norvegiatik, Finlandiatik eta Serbiatik etorriko diren epaileekin batera.

Antolatzaileek nabarmendu dute harrobiko soinu-joleentzat hitzordu garrantzitsua izaten dela udazkeneko hau, baita emakumeak gero eta gehiago animatzen direla ere: "Lehia nagusiko sei musikarietatik hiru dira emakumezkoak".

Arrasate Hiria borobiltzeko, azkenik, 2019an txapela jantzi zuen Radu Ratoi moldaviarrak hiru kontzertu emango ditu: lehena, bihar bertan Kulturaten; bigarrena, domekan Aretxabaletako Arkupe aretoan; eta, azkena, astelehenean Aita Menni ospitalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak