Txakur kaken arazoa azaleratzen duen kanpaina egiten hasi dira lorezainak

Hasier Larrea 2021ko abe. 3a, 12:47

Aspalditik dagoen arazoa gero eta larriagoa dela nabarmendu dute: "Ez da normala". Udalaren babesa jaso dute txakurren jabeen kontzientzian eragiteko. Gaur Otalora kaleko lorategian jarri dituzte kartelak, eta datorren astean ospitale inguruan egingo dute beste horrenbeste: "Bi toki horietan daude txakur-kaka gehien, baina, orokorrean, herri guztian".

Udalak azpikontratatutako Cespa enpresako lorezainek egunero pairatzen duten egoera salatu nahi izan dute kanpainarekin: "Txakurren jabeei enpatia izateko eskatzen diegu, gure osasuna kaltetzeko aukerak daudelako txakurren kakak belarra mozteko makinarekin harrapatzean", adierazi du Unai Oskotzek, lorezainen arduradunak. Duela urte batzuk pasatakoa ekarri du gogora: "Langile bat gaixotu zen, gorotzaren bitartez transmititutako bakteria baten ondorioz". Hain zuzen, toxocariosisa moduko gaixotasunak transmititzen dira modu horretan.

Gaiari behar bezala heltzeko momentua dela uste dute, "zerbait larria" pasa aurretik. Udaleko osoko bilkuran jasotako babesarekin, gaur abiatu dute kanpaina Otalora kaleko zelaian. Euren eskuetan dagoena egiten ari direla diote: "Arazoari irtenbidea emateko modu bat isunak jartzea da, baina iaz, esaterako, Udaltzainek ez zuten isun bakar bat ere jarri. Esaten digute guk egin behar dugula berba txakurren jabeekin, baina hori ez da gure lana".

Egun batez txakur kakak zeuden belardiak ez moztea erabaki zutela ere gogoratu du Oskotzek, "eta berehala jaso genituen kexak; ba ea kanpaina honekin kasu gehiago egiten diguten".

Egoera prekarioan

Espainiako hitzarmenaren baitan egiten dute lan Cespako langileek: "900 eta 1.000 euro artean kobratzen dugu, arriskugarritasun gehigarririk gabe. Makinariaz aritzen gara, zuhaitzetara igo, ezpondetan ibili... Horri denari gehitu euriari, hotzari edo beroari aurre egin behar diogula".

2022an amaitzen da indarrean duten plegua; kontratu berria sinatzekoak dira, beraz, datorren urtean: "Gure lana ez da behar bezala baloratzen, sindikatuekin hasi gara negoziatzen ea lan baldintzak hobetu ditzakegun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak