Sergio Serrano: "Hausnarketa sustatu gura dut herritarrengan"

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko aza. 29a, 08:45

Sergio Serrano, Otalora Lizentziaduna kalean.

Arrasateko kirol azpiegituren inguruko proiektu pertsonal bat landu du Serranok, igerilekuak, ur-parkeak eta bestelako kirol instalazioak aintzat hartzen dituena eta Udalean aurkeztu du. Hala, "ekarpen pertsonal" bat egin nahi izan dio herriari eta herritarrei aurkeztu gura die orain, azpiegituren inguruko hausnarketa sustatzeko helburuarekin.

Zer dela-eta erabaki duzu proiektu hau egitea?

2012an hasi nintzen. Musakolako kiroldegiak aluminosia zeukala jakin genuen, eta kiroldegi berri baten aukera mahaigaineratu zen. Hori dela-eta, ideia berriak jasotzeko beharra sentitu nuen. Erronka pertsonal handia izan arren, aurrera egitea erabaki eta zazpi urtez egon nintzen lanketa egiten. Behin informazio guztia jasota, 2018ko azaroan zirriborroari forma ematen hasi nintzen eta 2019an aurkeztu nuen Udalean.

Nolako lanketa egin duzu?

Soroslea naiz, eta, gehien kontrolatzen dudana segurtasun arloa izanik, uste dut arlo horretan ekarpenak egin ditzakedala. Edozelan ere, klubekin eta askotariko erabiltzaileekin hitz egin dut, dituzten kezkak eta beharrak zeintzuk diren jakiteko, eta, hori kontuan izanda, moldaketa batzuk egin ditut. Bestalde, arlo ludikoa eta segurtasuna jorratzeko, esaterako, oporraldietan in situ aztertu izan ditut askotariko errealitateak, ur-baliabideez bizi diren inguruetan: Mediterraneoan, Kanariar uharteetan eta Balear uharteetan. Hondartzak eta ur-parkeak aztertu ditut, besteak beste. Hainbat segurtasun arduradunekin hitz egin ostean, ideia asko jaso ditut, eta txostenean txertatu.

Ze irizpide erabili duzu?

Herri xumea da gurea, eta behar batzuk ditu kirol arloan. Dena den, dauzkagun gauza asko ondo daude. Beraz, ondo dagoena mantendu egin behar da, eta behar dena eraiki; aurrez egindako lana errespetatuz. Musakolako kiroldegian, Antoñako eraikinean, berrikuntza batzuk behar dira, hezetasun eta aireztapen arazoak daudelako. Bestalde, oso eraikin altua da eta altuera horretan espazioa galtzen da. Beraz, solairuarteko espazioa aprobetxatu daiteke. Horrez gain, teniseko eta padeleko pistak eta estalkiak ondo daude, eta ez du zentzurik eraisteak. Hobe litzateke horiek mantendu eta geratzen den espazioan beste zerbait egitea.

Igerilekurako Angel eye sistema aipatzen duzu. Zertan datza?

Sistema informatiko bat da eta sentsore bidez funtzionatzen du. Igerilekuko perimetro osoan kokatzen dira horiek, uniformeki banatuta, eta objektuak antzematen dituzte; pertsona bat, esaterako. Sorosleak bi begi baino ez ditu, eta, hura konturatu gabe pertsona bat hondoratzen bada, eraginkorra izan daiteke sistema hau, denbora aurreztuko duelako. Pertsona guztiz hondoratuko balitz, ia geldi geratuko litzateke eta sentsoreak martxan jarriko lirateke. Aurrez sistemari zehaztutako segundo kopurua igarotzean, alarmak joko lioke begiraleari eta igerilekuko zein puntutan dagoen zehaztu. Argi geratu behar da sistema hau ez dela soroslea ordezkatzeko, baizik eta haren lagungarri edo osagarri izateko. Segurtasun arloan inbertsio aproposa izango litzateke hori.

 

Igerileku ereduari beste buelta bat emango zeniokeela diozu.

Bai. Hiru eredu daude: igerileku ez-estaliak urte osorako, igerileku estaliak urte osorako eta eredu mistoa, gaur egun Arrasaten daukaguna. Nolanahi ere, horrek oztopo bat dauka, bederatzi hilabetez espazio erraldoi bat galduta geratzen baita. Beraz, nik proposatzen dut eredu mistoa, baina beste buelta bat emanda; hau da, udarako belardia dena parke publikoa izan dadila neguan.

Topagune gela bat ere bai, Gasteizko eredua aintzat hartuta.

Gasteizen egin nituen ikasketak, eta han gizarte etxeetan egiten nuen kirola. Kiroldegiei hala deitzen diete han. Gizarte etxe horiek eraikin berean batzen dituzte liburutegia, kiroldegia eta topagunea. Hau da, gaur egun sozializatzeko daukagun eredua, kaleez eta parkeez gain, egoitzak eta tabernak dira; are gehiago, eguraldi txarra egiten duenean. Horiek ondo daude, baina ondo legoke Gasteizko eredua ere. Azken batean, sozializatzeko balioko lukeen espazio publiko bat izango litzateke, doakoa eta ezer kontsumitzera behartuko ez liokeena erabiltzaileari. Proiektuan horrelako hiru zerbitzu irudikatzen ditut: Musakolan, erdigunean eta San Andresen.

 

Zer lortu gura duzu proiektu honekin? Zein da helburua?

Helburu bakarra da herritarrengan hausnarketa sustatzea. Kiroldegia herritarrendako zerbitzua izango da eta logikoa da herritarrek ideiak eta ekarpenak egitea, hortik gauzatu dadin kiroldegi berria. Hori dela-eta, barrutik atera zaidan gauza bat izan da, modu boluntarioan, eta herritarrei abiapuntu bat eskaintzeko asmoz egin dut. Gero, gauzatu daiteke edo ez, baina ideia batzuk mahai gainean jarri gura izan ditut, lan boluntarioak daukan indarrean sinisten dudalako. Kiroldegi berri bat oso gai serioa da, Udalaren diru kutxa hipotekatuko duelako eta, egiten denaren arabera, arrasatearron kirol beharrak baldintzatuta geratu daitezkeelako. Horrenbestez, ahalik eta hanka-sartze gutxien egin behar dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak