Krakoviatik ikasgaia ikasita itzuli dira hirurak

Xabier Urtzelai 2021ko aza. 26a, 18:00
Eskumatik hasita Danel Izurrategi, Aitor Madinabeitia eta Leire Valor, Krakoviara bidean.

Danel Izurrategi, Aitor Madinabeitia eta Leire Valor Munduko Kyokushin Txapelketan lehiatu dira Polonian. Esperientzia ederra izan dela diote. "Ikusi dugu borrokalariaren jatorriak ez duela horrenbesteko garrantzirik", dio Madinabeitiak.

Saioa Karate taldeko hiru ordezkariak esperientzia ederra bizi izanda itzuli dira Polonian egin duten Munduko Kyokushin Txapelketatik. "Orain arte, halako mailako txapelketa batean egon gabe geunden, baina gure taldetik Krakoviara joateko aukera eskaini zigutenean aurrerapausoa ematera animatu ginen", adierazi dio GOIENAri Aitor Madinabeitiak.

Kadete mailan lehiatu da Danel Izurrategi, 21 urtez azpikoen mailan Aitor Madinabeitia eta senior mailan jardun du Leire Valorrek. Hala, Madinabeitiak egin du asteburuaren kontakizuna: "Eguenean egin genuen bidaia, Bilbotik Munichera eta handik zuzen Krakoviara. Nik egunean bertan bete nahi nituen txapelketa aurreko tramiteak. Pisatu egiten zaituzte, ze kategoriatan lehiatu behar duzun zehazteko, eta Leirek eta Danelek ez zuten arriskurik, baina nik zalantzak nituen, eta ez nuen arriskatu nahi. Jan gabe nengoen, urik edan gabe, eta pisatzearen tramitea lehenbailehen gura nuen gainetik kendu. Danel 65 kilora artekoekin lehiatu zen, Leire 55 kilora artekoekin eta nik 75 kirola artekoekin. Momentu hori gaindituta ondo elika zaitezke eta baita hidratatu ere, garrantzitsua da".

Krakovian egindako egonaldiko zenbait une. Argazkiak: Jurczak Photography eta D.I.

Egubakoitzean izan zituzten borrokaldiak: "Danelek lehenengo saioa Poloniako gazte baten kontra irabazi egin zuen. Hura gaindituta, zozketan Kazakhstango gazte bat egokitu zitzaion eta hor ez zuen zorterik izan. Hasteko, Danel baino urtebete nagusiagoa zelako eta gorpuzkera handiagoa zuelako. Kontua da borrokaldia galdu egin zuela, eta momentuan amorrua eman zion, baina gero, borrokalari hori bigarren sailkatu zen eta konturatu zen benetan zela kontrario gogorra".

Leirek, borrokaldi laburra

Leire Valorrek, berriz, min hartu zuen hasi eta berehala: "Irango neska batekin lehiatu zen lehen borrokaldian, eta hasi eta berehala kolpe handia jaso zuen saihetsetan. Kontrarioak 7 kilo gehiago izango zituen, asko da hori. Ezin izan zuen jarraitu eta bertan behera geratu zen borrokaldia. Saio laburra egin izanagatik penaz geratu zen Leire, hilabeteak eman dituelako hitzordua prestatzen". Madinabeitia ere ez zen zapore onarekin geratu, baina dio asko ikasi duela: "Zozketan atariko borrokaldi bat egitea egokitu zitzaidan, ez da hasteko modu onena. Bulgariako borrokalari bat izan nuen aurrean, lau minutu egon ginen eman eta jaso, eta epaileek erabaki zuten nik irabazi nuela. Biok distantzia motzean borrokatzea erabaki genuen eta ukabilkadaka ibili ginen". Hala ere, lehenengoa irabazi izanak ez zituen urduritasunak uxatu: "Borrokaldia amaitutakoan botaka egiteko zorian egon nintzen; hurrengo kontrarioa Kazakhstangoa zen, eta okadak egiten ikusi ninduen. Eta nire kontra ondo baliatu zuen hori, kolpe guztiak sabelera bideratu zituen. Sufritzen ari nintzen eta KO bat jasotzeko arriskua ikusi nuen, hor erabaki nuen amaitzea". Izan ere, 21 urtez azpikoen mailatik gora KO-ak onartuta daude: "Bai, halako txapelketa batean min har dezakezu, eta neurtu egin behar da noraino iritsi. Hirurondako sekulako esperientzia izan da, eta ikasi dugu borrokalariaren jaioterria ez dela garrantzitsua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak