Pozik sariarekin, ezta?
Oso pozik. Proiektua orain dela urtebete sortu zen, eta epe horretan hamabi bat programa kaleratu ditugu. Ibilbide hori oraindik motz samarra-edo izanik ez genuen saria espero, baina oso pozik jaso dugu. Egia esan, sekulako energia eman digu, egiten dugun honetan sinisteko eta aurrera jarraitzeko.
Nola abiatu zen Basilika?
Alondegian egindako mintegi batean elkartu ginen hainbat lagun. Bertan, kritika artistikoaren inguruan hitz egin zen, eta Gara egunkariak bere garaian argitaratzen zuen Mugalari gehigarriaren inguruan aritu ginen. Konklusioa izan zen kultura eta arte kritika oso gutxiegiten dela hemen, eta toki gero eta gutxiago dagoela gaiei sakonki heltzeko. Argi geratu dadila gu ez gatozela gabezia hori estaltzera, baina ikusi genuen podcasta oso formatu interesgarria izan zitekeela halakoetan hasteko. Eta elkartu ginen lagun talde bat. Batzuk literaturaren mundutik datoz, beste batzuk zinematik, badaude artistak, bagaude programatzaile artistikoak garenak... Gure ahotsekin eta gure erreferentziekin ikerketa eginez eduki kulturala egiten dugu podcastean.
Zenbat saio dituzue?
Egun, sei saio ditugu. Irati Iraguen eta Enrique Hurtadoren Koro izan da proiektura batzen azkena. Bilboko Okela Sormen Lantegian egiten den programaziotik abiatzen den programa da. Beñat Sarasolak eta Gorka Bereziartuak literaturaren gaineko Zeelanda Berria egiten dute. Lur Olaizolak eta biok Phoenix Ragazza egiten dugu. Sakoneta kritika kulturalaren gaineko saioa da, eta Kepa Matxain eta Jon Urzelai arduratzen dira. Gero dugu Sector conflictivo. Pablo Martek egiten duen elkarrizketa saioa da. Erakusketaren bati lotutako elkarrizketak izaten dira. Azkenik, Berdela saioa egiten dute Sahatsa Jauregik eta Irati Urrestarazuk.
Eta zer da Phoenix Ragazza?
Ikusizko arteen inguruko emakume sortzaileen gaineko monografikoak egiten ditugu. Moyra Davey eta VALIE EXPORT-en inguruko saioak egin ditugu. Hirugarrena Dora Garciari buruzkoa izango da. Oraintxe dihardugu saio hori lantzen.
Nondik dator Basilika izena?
Itxaro Bordaren eleberritik. Bere garaian bazter guztiak astindu zituen lan horrek, eta pentsatu genuen izenak oso ondo jasotzen zuela gure proiektuaren espiritua. Omenalditxo bat ere bada Itxarori.
Urtebeteko ibilbidean ze feedback jaso duzue entzuleengandik?
Gaur egun, sekulako boom-a dago podcastaren munduan, baina egia da euskaraz egindakoak ez daudela hainbeste. Edukiak sortzea ere bada input bat; gu geu jartzen gara gaien inguruan ikertzen, ahotsak batzen... Lan bat egiten dugu, eta lan hori euskaraz egiten dugu. Jaso dugunaren arabera bada jendea hori baloratzen duena.
Sariak erantzukizun puntu bat ere ematen du?
Erantzukizun puntu bat ematen du, bai; izan ere, egia da izendatuta zeuden beste hiru proiektuak oso potenteak zirela. Orain arte, modu oso autonomoan eta askean joan gara edukiak sortzen. Gure kasa ibili gara, eta inolako presiorik gabe. Horrela jarraituko dugu, baina jabe gara orain, agian, entzule gehiago izango ditugula, eta begirada edo belarri gehiago gure gainean.