Kantu koralen oholtza izango da San Frantzisko eliza zapatuan

Hasier Larrea 2021ko aza. 19a, 11:35

Giltzarri abesbatzako kideak. (Argazkia: Erran.eus)

Seber Altubeko elizak Lesakako giltzarri abesbatza jasoko du bihar, hilak 20, arratsaldeko zazpietan. Txorbela Otxoteak gonbidatuta etorriko dira nafarrak, ekainean abesteko aukera eman baitzieten arrasatearrei Bortzirietako herrian.

Pandemiak gogor astindu du kultura, baina poliki-poliki badabiltza martxa hartzen askotariko alorretan aritzen diren taldeak. Hala ere, hilabete luzeetako etenak eragingo dituen ondorioak oraindik ez dira begi bistakoak. Kantu taldeek, esaterako, urduritasunez bizi dituzte garaiok, kide asko erretiratuak ohi direlako, eta jakina da ohitura aldaketetara moldatzea nekagarriagoa izaten dela adin batetik aurrera.

Hala ere, ahaleginak egin dituzte afizio eta ohiturak mantentzeko. Dozena bat kide baino gehiagoz osatuta dagoen herriko Txorbela Otxoteak, adibidez, modu telematikoan entseatzeko pausoa eman zuen, aurrez aurre gelditzea debekatuta egon zenean. Urtebeteko etenaren ostean, joan den apirilean egin zuten pandemia garaiko lehen entsegua euren lokalean. Eta behin elkartzen hasita, ezin kontzertuak egiteko gonbidapenei muzinik egin. "Oso garrantzitsua da kontzertuak antolatzen jarraitzea; izan ere, bi urtez geldi egoten bagara, zenbat talde egongo dira prest ikuskizunetara bueltatzeko gero?"; galdera hori bota du Txorbelako kide Jose Julio Herizek.

Txorbela Otxotea Arantzazun, 2019an.

Zirkulua ixtera

Hala, Lesakan abestu zuten publiko aurrean lehenengoz 16 hilabeteren ostean, ekainaren 11n: "Ez geunden oso prestatuta, baina sekulako gogoz geunden". Kantu taldeko zuzendariak, Xabier Badiolak, Bortzirietako Giltzarri abesbatzarekin duen harremanaren fruitua izan zen hitzordu hura. Orain, faborea bueltatzeko aukera dute. "Gure artean oso ohikoa dugu halako trukeak egitea, ez dugu-eta aukera askorik izaten bestela", aipatu du Herizek.

40 KIDEK OSATZEN DUTE GILTZARRI, ETA KANTATU EZ EZIK MUSIKA-TRESNAK ERE JOTZEN DITUZTE

Ondorioz, urtean zehar behin baino gehiagotan egiten duten lez, San Frantzisko eliza ahots korda landuen agertoki bilakatuko dute bihar. Aldarera ez dira edonolako kantariak igoko, Giltzarri abesbatzak mende laurdeneko ibilbidea baitauka; gaur egun, Baztan eta Bidasoa inguruko partaide ugariz osatuta dago.

Txorbelakoek azaldu dutenez, Giltzarrikoek errepertorio zabala daukate: "Antzinako musikatik gaur egungo konposaketetara, Amerikako, Europako eta Euskal Herriko kantuak aukeratzen dituzte".

Gainera, kontzertuak bereziago egiteko asmoz, hainbat musikariren laguntza ere izaten dute momentu batzuetan: piano, organo, saxofoi, klarinete, flauta eta tronpetekin apaintzen dituzte ahots kantarien doinuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak