Su Ta Garren kantuak, 'Sua' komikiaren istorio

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko aza. 12a, 10:37

Sua komikiaren pasarte bat. Argazkia: Julen Ribas.

Alex Tello aktoreak eta zinemagileak idatzi du gidoia eta Arrasateko Julen Ribasenak dira marrazkiak; hogei urteko Sua gaztearen eta Eibarko taldearen abestien pasarteen bitartez, Euskal Herriko 30 urteen historia kontatzen du liburu argitaratu berriak.

"Lanez lepo nenbilen eta, penaz, ezin niola proiektuari eutsi esan nion, baina kuriositatea nuen zein talderi buruzkoa zen, eta hala galdetu nion. Su Ta Garri buruz zela erantzun zidanean, iritziz aldatzen hasi nintzen. Lana argitaratzeko epe zehatzik ez zutela esan zidan; hortaz, nire beste lanekin batera egin ahal nuela ikusi nuen, eta gustura eman nion baiezkoa", kontatu du Julen Ribas marrazkilariak.

Alex Tello, Sua komikiaren  gidoilaria. Argazkia: Unai Huizi.

Alex Tello (Gidoilaria): "Jolas baten legez hasi nintzen kantuekin istorioa eraikitzen"

Orain dela lau urte izan zen dei hura. "Antzerkian nenbilen lanean, eta, halako baten, Su Ta Garren musikarekin euskal gazte baten istorio bat zegoela iruditu zitzaidan. Jolas baten moduan hasi nintzen kantuak entzuten eta istorioa eraikitzen. Hasiera baten, antzerki musikatu bat egiteko ideia nuen, baina komikiaren alde egin nuen gero. Egindakoarekin oso gustura nago, erabat aseta. 30 kantutik gora agertzen dira; luzeagoa egin daiteke bai, baina ikaragarria da zelako lana duen marrazteak. Izugarrizko lana egin du Julenek", esan du Alex Tello gidoilariak.

Sua gaztea da protagonista

Gidoilariarentzako, bere kezkekin eta ezinekin bizi den euskal gazte bat da Sua. "Orainaldian bizi da. Munduan bere tokia bilatzen ari den gaztea da Sua. Istorioaren hasieran 24 urte inguru ditu eta bukaeran, ez dakit... bada, 40 bueltan. Bere bizimoduarekin atsekabetuta dago eta bere motibazio bakarra parrandan ibiltzea da. Hondoa jo ostean, musikarako grinak hauspotuta, ilusioz ekin eta sentipenak askatuko ditu testuinguru soziopolitiko nahasiarekin topo egitean".

Julen Ribas (Marrazkilaria): "Sexua ez zehazten saiatu naiz, ez dago argi Sua neska ala mutila den"

Marrazkilariak, berriz, protagonistari, Su Ta Garren hastapenetako garaiko estetika eman diola azaldu du: "Lehenengo zirriborroak egin nituenean, Alexi eta Su Ta Garrekoei bidali nien, eta 'bai, hau da Sua', esan zidaten. Kontakizunak zer eskatzen zuen kontuan hartuta, sexua ez zehazten saiatu naiz, ez dago oso garbi mutila edo neska den. Janzkera aldetik, txupa dauka, eta txima luzeak ere bai".

Talde lanean egindakoa

"Banda bat izan gara eta gara, zazpi lagun ibili gara, azkenean, proiektuaren bueltan. Dani Fano Xabiroi komikietako zuzendaria ezagutzen nuen, eta hark bideratu ninduen Julenengana", dio Tellok, eta zera gaineratu du Ribasek: "Berari proposatu genion liburua maketatzen eta bestelako lanetan laguntzeko, eta asko eskertu ditugu haren aholkuak eta jarraibideak. Mikel Sotok idatzi du gero, liburuaren hitzaurrea".

Su Ta Garrekoak ere emaitzarekin oso gustura daudela dio Tellok: "Hasieratik erakutsi zuten proiektuarekiko interesa eta laguntzeko gogoa. Asko eskertzen diet nire amets bat betetzen lagundu izana".

Laster eskuragarri

80 orrialdeko tapa gogorra duen koloretako komiki liburua da. Inprentatik atera berria dela diote egileek, eta laster eskuragarri izango dela. Durangoko Azokan ere izango da, Su Ta Gar taldearen standean. "Une eta pasarte ezaguterrazak eta identifikagarriak aurkituko dituzue bertan jasota. Taldearen hastapenetan gazte zirenentzat eta gaur egun gazte direnentzat ere aproposa da Sua komikia", azaldu dute egileek.

Julen Ribas: "Alex eta biok gara Su Ta Gar zaleak"

Gustuko duen taldearen kantuak "pozik" marraztu ditu Ribasek.


Su Ta Garren kantu asko jotakoa zara. Gustuko lana, hortaz?

Txikitatik naiz zalea, eta garai baten, aspaldi, Ozen taldearekin euren kantu batzuen bertsioak egiten genituen [Barre]. Marrazten ere asko gozatu dut. Eta Alex ere taldearen aspaldiko zalea da.

Ze teknika eta material erabili duzu?

Lan prozesu klasikoa izan da. Paperean egin dut arkatzarekin, lehenengo; tinta txinarekin, gero; ordenagailura pasatu dut, ondoren; eta tableta grafikoarekin koloreztatu dut, bukatzeko.

Zeinentzako aproposa?

12 urtetik aurrerako edozeinendako; taldearen zale izatea ez da garrantzitsua. Fikzioa da.

Sua komikiaren orri bat. Argazkia: Julen Ribas.

 

Erlazionatuak

'Sua' komikiko egileak, Arrasate Irratian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021 aza 12 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak