Aurten diagnosi eta hausnarketa baten ostean, deialdi honetarako partaidetza-aurrekontuen dinamika berritzaile bat ezarriko dute. "Helburua administrazio publikoan partaidetza naturaltasunez eta zeharkakotasunez integratzea da", azaldu du Partaidetza batzordeko kide Anuska Ezkurrak.
Bi urtetan gauzatu ahal izateko proiektuak jaso gura dituzte eta guztira 500.000 euro bideratuko ditu Arrasateko Udalak Zeuk erabaki leloa duen egitasmo horretara. Izan ere, 250.000 euroko partida jasota dago 2021eko udal aurrekontuan eta 2022an ere kantitate bera bideratu gura dute.
Berritasunetako bat ideiak lantzeko sormen tailerrena da. Lau saio egingo dituzte: azaroaren 15ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan; azaroaren 16an Etxaluze eraikinean (San Andres); azaroaren 23an, Musakolako Jubilatuen Etxean eta azaroaren 24an, Kulturateko Loramendi gelan. Saio guztiak 18:15etik 20:00etara izango dira. Izena emateko, 943 25 20 00 telefono zenbakira deitu, partaidetza@arrasate.eus helbidera idatzi edo online.
"Askotariko proposamenak jaso gura ditugu"
Deialdia garbia izan da: "Adin guztietako herritarrek askotariko proposamenak egitea gura dugu. Ahalik eta proposamen gehien jaso gura dugu", adierazi du Ezkurrak. Hala, hainbat arlotako ekarpenak egin ahal izango dituzte herritarrek: kultura, euskara, hezkuntza, aisia, kirola, gizarte ongizatea, berdintasuna, mugikortasuna, garapen jasangarria, trantsizio energetikoa, ingurumena, hirigintza eta bestelakoak.
Proposamenek honako baldintzak bete behar dituzte: udal eskumenekoa izatea, bi urteko epean gauzatu ahal izatea, bideragarritasun teknikoa gainditzea, gehienez ere 125.000 euroko aurrekontua izatea, aurreko prozesu baten emaitza ez ezabatzea, onartua dagoen udal plan baten kontra ez egitea eta interes orokorrekoa izatea.
Jasotzen dituzten ekarpen guztiekin, aurretiaz herritarrekin osatutako lantalde batek, antzekoak diren proiektuak bateratu eta, ondoren, bozketa fasera pasako diren proposamenak lehenetsiko ditu (30 inguru), 2022ko martxoan eta apirilean zehar. "Parte-hartze sistema erakargarri bat ari gara lantzen fase honetarako, bereziki haur eta gazteen parte-hartzea sustatzeko".