2018an sortu zuten Ausortu egi-tasmoa AEDk, Ttakek eta Txa-txilipurdik, gazteen sormena bultzatzeko asmoz: "Kontziente ginen herrian bazegoela orota-riko kultura eskaintza, agian hutsune bat edo besterekin, baina gabezia handiagoa ikusten genuen sorkuntzaren alorrean", ekarri du gogora Itxaro Artolak, AEDko kideak, dinamika horren jatorria zein zen galdetzerakoan.
Hasieran lau diziplina artistikori zabaldu zizkieten ateak, arte plastikoari, ikus-entzunezkoari, arte eszenikoei eta musikari, zehazki, baina berehala egiaztatu zuten gazte gehienen interesak musikarekin lotutakoak zirela. Horregatik ez da harritzekoa sormen laborategia gidatzeko ardura izan duten bost gonbidatuetatik hiru Izaro Andres, Olatz Salvador eta Eñaut Elorrieta izatea. Beste biak Joana Manzisidor eta Helena Azkarraga Urizar artista arrasatearrak izan ziren.
Gazteek erabaki dezaten
Enkontru haiek sormen laborategi bezala definitu zituzten, baina azaroaren 20koa topaketa izango da, egitasmoaren bultzatzaileek formatuari "buelta bat" eman ostean. Izan ere, 14 eta 21 urte arteko gazte sortzaileen eskuetan lagako dute bidea zabaltzeko giltza: "Asmoa sortzaile hauek elkar ezagutzeko espazioa eskaintzea da, euren kezkak partekatu eta datorrenaren aurrean indarrak pila ditzaten".
Dagoeneko dantza, ikus-entzunezkoak, literatura edota musika gustuko dituzten 16 gazte inguruk erakutsi dute jardunaldi motz horretan parte hartzeko interesa, eta, "ilusioz, esker oneko eta parte hartzeko prest" azaldu dira. Baina gehiagorengana ere iritsi nahi dute, eta horretarako ireki dute azaroaren 15a arte zabalik egongo den webgune bidezko izen-ematea. Bertan inkesta ere bete beharko da, sortzaileek jakinarazi beharko dutelako, besteak beste, zein den interesatzen zaien alor artistikoa, "sentsibilitate guztiei" egin nahi baitiete tokia.
GAZTEEN ESKUETAN UTZIKO DUTE EUREN SORMENA GARATZEKO BIDEAK NOLAKOA IZAN BEHAR DUEN
Lehen harria jartzera
Hala, topaketa "gertuko, eroso eta ludiko" bezala aurkeztu nahi izan dute antolatzaileek aurtengo Ausortu-ren lehen hitzordua, talde txikietan batu eta denen artean "poliki-poliki" aurrera begiratzeko: "Ausortu-tik pasa diren gazteekin eta artista erreferenteekin kontrastatu ostean, orain artekoaren balorazio positiboa egiten dugu, baina garaia da Arrasaten dugun harrobiari bere bide propioa egiten uzteko", ondorioztatu du Artolak.