Dani Lorenzo: "Garrantzitsu sentitzeak motibatu egiten nau jarraitzeko"

Xabier Urtzelai 2021ko aza. 5a, 18:30

MUko jokalari Dani Lorenzo, erasoko jokaldi bat antolatzen.

Futbolean Hirugarren Mailara igo berri zen Abetxuko talde gasteiztarrarekin kontratua sinatzeko puntuan zegoenean erabaki zuen saskibaloira salto egitea. Duela hiru urte, berriz, Urrezko LEB mailan nahi zuena baino gutxiago jokatzen zebilelako saskibaloia uzteko erabakia hartu zuen. Azken orduan konbentzitu zuen Iñaki Ogara Arri-k Arrasatera etortzeko, eta dagoeneko laugarren denboraldia hasi du talde morean. 

Dani Lorenzok (Gasteiz, 1993) saskibaloiaz egin du berba GOIENArekin, baina baita bestelako kontuez ere; besteak beste, Esports bideo-jokoetan eta bestelako ekitaldietan egiten dituen esatari lanaz. Hori gutxi balitz, ostalaritzan ere badihardu.

Saskibaloia utziko zenuela iragarri, eta laugarren denboraldia hasi duzu. Domekan 40 minutuak jokatu zenituen, eta 24 puntu lortu.

Eta ondoren, lanera joan nintzen, diskotekara. Tutankamon ematen nuen; kar, kar, kar. Espero dut min hartuta ditugunak errekuperatzen joatea, erritmo horretan ezingo diot-eta luzaroan eutsi.

Jokalari garrantzitsu bilakatu zara talde morean.

Bai; oso gustura nago taldeari egiten diodan ekarpenarekin, garrantzitsu sentitzen naiz, eta horrek motibatu egiten nau. Hori guztia da Urrezko LEB kategorian egin nituen bi urteetan galdu nuena. Ordura arte, minutu asko jokatzen nituen, eta kategoria horretan beste saskibaloi batekin egin nuen topo. Talde lana eta esfortzu kolektiboa beharrean, norbere interesengatik lehiatzen zen jendearekin egin nuen topo; izan ere, kategoria horietan halakoxea da saskibaloia, bakoitzak bere estatistikei begira jokatzen du. Araberriko entrenatzailearendako ez nintzen lehen aukera, kilometro asko egin behar genituen errepidean eta jokalari profesional baten bizimodua eraman behar nuen. Alaia naiz, baina bi urte haietan umorea ere aldatu egin zitzaidan. Horregatik utzi nuen.

Arri-k Arrasatera etortzeko proposamena egin zizun arte.

Nire entrenatzailea izan zen maila nazionalean, eta azken orduan konbentzitu ninduen. Urtebeterako etorri nintzen, ez oso konbentzituta, eta laugarrena dut. Oso garrantzitsua izan zen Martin [Buesa] ere Arrasatera etorri izana, gaztetako lagunak gara eta. Arrasaten ostera ere lehengo saskibaloiarekin egin dut topo. Familia bilakatu diren taldekideak, ze giro dugun, taldeko lana...

Eta urte politak egin dituzue kantxan, jakinda EBAtik gora egiteko aukera txikiak dituen taldea zaretela.

Egia esango dizut, liga hasieran kosta egin zait motibatzea. Anbizioa daukadan jokalaria naiz eta badakit talde honek ze muga dituen, gorago egoteko diru asko behar da. Eta galdera horixe egiten nion neure buruari: "Zergatik jarraitzen dut saskibaloian jokatzen?". Igoera fasean, Saloun, goiko kategorietako ezagunekin egin nuen topo, aurrekontu galanta duten taldeen kontra jokatu genuen, eta apenas izan genuen ezer egiteko aukerarik. Baina liga hasi dugu eta ondo sentitzen naiz, gozatzen nabil ostera ere.

Inoiz damutu zara futboleko kontratu hura sinatu ez izanaz?

Bai eta ez. Arraroa da azaltzen: gustuko dut futbola, baina ikusteko, ez nik jokatzeko. 16 urte egin nituen arte, ibilbide polita neraman futbolean, baina nire balioekin bat ez datozen gauza asko ikusten nituen, eta ez nuen hor jarraitu nahi.

Entrenatzaile aldaketa izan duzue.

Enekok [Mata] pasioz bizi du saskibaloia, beldurrez ibiltzen naiz, egunen batean bihotzekoak eman behar dio kantxan; kar, kar, kar. Pena da, saskibaloian dagoeneko minutu onenak eman ditugun Martinekin [Buesa], Martxelekin [Balanzategi], nirekin... egin duelako topo, eta berak talde txapelduna izateko egiten du lan. Jokalari gazteek hartu beharko dute errelebo hori.

Gazteak ere txukun dabiltza.

Begira, iaz ez nuen esango gurekin egoteko nahikoa maila zutenik, ez nituen ikusten horretarako gauza. Eta sekulako aurrerapausoa eman dute, batek baino gehiagok zur eta lur utzi nau; Ekaitzek [Madinabeitia], esaterako. Eta gero, badira Alex Lorenzo moduko jokalariak, lan izugarria egiten dabiltzanak.

Dani Lorenzo, kirol ikuskizunetan aurkezle lanetan, streamer eta bideo-jokoetan partidak komentatzen ere ibiltzen da.

Azal iezaguzu streamer moduan egiten duzun lana...

Koarentenan hasi nintzen, Esports-ak estrimeatzen; hau da, bideojokoetara jokatzen pantaila batean zeure burua azaltzen den bitartean eta txat batean jendearekin hartu-emana izaten zabiltzan bitartean. Eta mikrofonoak gustuko ditudanez, bideo-jokoetako partidak komentatzen hasi naiz.

Horren ezagun egin den Ibai bezala.

Ibai Messi da, eta besteok langileak gara; kar, kar, kar. Baina bai, eta Esports-etako ekitaldietan ere lanean hasi naiz. Duela astebete, Madrilen izan nintzen halako ekitaldi batean publiko aurrean esatari lanak egiten, eta partidak komentatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak