Belaunaldi arteko oinordekotza aztergai ISEAren jardunaldian

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko aza. 5a, 14:31

"Talentuaren kudeaketa" izango da kooperatibak antolatuta egingo den saioko beste ardatz nagusia.

Talentuaren kudeaketa eta belaunaldi arteko oinordekotza: marko teorikoa, erreferentzia modeloak eta kasu praktikoak deritzon jardunaldia antolatuko du ISEAk datorren eguaztenerako, hilaren 10erako –10:30etik 13:00etara, LKS eraikinean, Garaia Parke Teknologikoan–.

Enpresa zerbitzu aurreratuetarako berrikuntzan diharduen Mondragon taldeko kooperatiba da ISEA, eta antolatu duen saioak hiru hizlari izango ditu: Ikerkuntzaren Kudeaketarako eta Promoziorako Agentziaren (Deiker-Otri) zuzendaria da Fernando Diez, eta Deustuko Unibertsitateko Publikazio arloko eta Deusto Fundazioaren zuzendari laguntzailea, eta berea izango da gaiaren testuinguru teorikoaz eta dauden ebidentziez jarduteko ardura; talentuaren kudeaketaz eta belaunaldi oinordekotzarako erreferentzia ereduez Alecopeko Berrikuntza zuzendari Nieves Alkainek jardungo du; eta kasu praktikoak azalduko ditu, azkenik, Fagor Ederlan Groupeko Pertsonen Garapenaren arduradun Jose Miguel Romanek.

Gai garrantzitsuak

ISEAren Ikerketa eta Garapen arloko koordinatzaile Maria Ruizen esanetan, jardunaldia hiru atal horietan banatu eta aipatutako hizlariak aukeratu izanaren arrazoia da gaiaren "ikuspegi holistikoa eskaini ahal izatea ekitaldira joango diren enpresa eta ikerlariei".

Maria Ruiz bera ere izango da hizlari: "Lehen ordu erdian gaiaren inguruko testuingurua azaldu eta datuak emango ditut, justifikatzeko belaunaldi arteko oinordekotzaren garrantzia Gipuzkoan, eta aditzera emango dut Diputazioan zein Eusko Jaurlaritzan gai honekin dagoen ardura. Eta enpresen, unibertsitateen eta gure artean elkarlanean I+D proiektuak garatzeko aukera azpimarratuko dut datuen bitartez".

Ruizen hitzartzearen ondoren, hizlari bakoitzak 40 minutu izango ditu; 30 aurkezpenerako eta hamar galderak erantzuteko.

Jardunaldirako izena eman dutenen artean daude: unibertsitateak, ingeniaritza dibisioko enpresak, fundazioak, garapen agentziak, esparru industrialeko zenbait enpresa eta komunikazioarekin eta pertsonen kudeaketarekin lotutakoak.

Familia enpresak

Belaunaldi arteko oinordekotzaren garrantzia ulertzeko, argigarriak dira zenbait datu: Gipuzkoan, enpresen %70 familia enpresak dira, eta lurraldeko Barne Produktu Gordinaren %65 eragiten dute; familia enpresen %70ek ez dute lehen belaunaldia gainditzen, %15 bigarren eta hirugarren belaunaldiaren artean desagertzen dira eta %15ek baino ez dute bizirik irauten hortik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak