1980. urtea berezia izan zen Arrasaten. Gerora RIP bezala ezagun egingo zen Doble Cero taldea indartsu azaldu zen agertokietan, eta berehala bilakatu ziren taldekideak eta euren jarraitzaileak punk mugimenduaren herriko erreferente. Txinparta hark sekulako oihartzuna eduki zuen, Arrasaten bakarrik punk rock estiloko 30 talde sortu baitziren, gutxienez, hurrengo 10 urteetan.
Baina, musikaz gain, borroka molde berriak sortu ziren, trantsizio garaiaren osteko belaunaldi gazteak zeukan askatasun grinaren baitan: "Antimilitarismoak, antinuklearren aferak, feminismoak, okupazioak, kontrainformazioak eta euskararen aldeko mugimenduak eztanda egin zuten, eta irudipena daukat agian kontu horiek ahaztu egin direla, punk mugimendua mitifikatu den neurri berean". Andoni Iñurritegi Pottoko-ren hitzak dira. Bera ibili da Kulturaten azaroaren 27ra arte ikusgai egongo den erakusketako material grafiko guztia paneletan ahalik eta modu txukunenean kokatzen.
"Erradiografia osoa"
Hain zuzen, aipatu dituen gaiekin lotutako argazkiekin, kartelekin eta egunkari-zatiekin egingo du topo bisitariak, baita garaiko artelanekin, drogarekin lotutako kontuekin eta zenbait bitxikeriarekin ere: "Orduko kontaketa ahalik eta modu zabalenean osatzeko asmoz". Adi-bidez, 80ko hamarkadan Arrasateko ingurune urbanoa nolakoa zen azaltzen duten argazkiak daude; panel horrek memoria freskatzeko balioko die garai hura bizi izan zutenei, eta harridura eragingo die, ziur asko, gerora jaio zirenei. Baina guztiak etorriko dira bat kaleak ere ez diola ihes egiten denboraren joan-etorriari. Ezta ere erakusketaren tokiak berak; orain Kulturateko klaustroa deritzona frantziskotarren kalistroa zen lehen, eta gazteen geralekua, baita ere. Orduan kalean egoten ginen beti, dio panelaren alboan dagoen oharrak, egungo joerei keinu bat eginez, bide batez.
BIONAKO BISITEK IKUSMINA SORTU DUTE; ORAINDIK EMAN DAITEKE IZENA KULTURATEN
Bestalde, orduko kontzertu ugarien testigantza jasotzen duten kartelez apainduta dago paretaren zati bat. Horiek biltzen Musakolako auzotar batek lagundu zien, bereziki, digitalki artxibatuta baitzeuzkan kartel asko. Eta bada izkina batean kokatu duten beste kartel bat, kontzertuekin baino gehiago, 1986ko sanjuanen aurkezpenarekin lotuta dagoena. Hara zein den material horri aparteko izaera ematearen arrazoia, bertan ondo azalduta dagoen lez: "Kepa Altubek egindako kartel hau Udalak zentsuratu egin zuen, Mondragoeren erreketa azaltzen zelako. Gero, Biona taberna itxi arte bertan egon zen jarrita".
Horrez gain, 80ko hamarkada hasi baino urtebete lehenagokoa izan arren, Ez Donk Amaitukoek sindikatuen etxeko okupazioaren gertaera ere ekarri nahi izan dute gogora. Sindikatu gehienetako ordezkariek Falangeak hartuta zeukan Grupo San Juaneko sindikatu etxea okupatu zuten, eraikina mugimendu sozial askoren elkargune izan zedin.
Eta drogaren gaineko pasarteak ere ezin falta, ondo baitakite herritar askok zer-nolako hondamena eragin zuten arantzaz betetako gozoki berriek. Nabarmentzekoa da Jose Luis Etxeberria Porru udaltzainburu ohiak emandako elkarrizketaren egunkari-zatia, zeinetan Arrasatera iristen zen heroinaren jatorria guardia zibilaren Intxaurrondoko kuarteletik ekartzen zutela argi uzten duen.
Erdigunean, musika
Kalera irten eta edonori belaunaldi hartako musika talde bat izendatzeko galdetuz gero, RIP taldearen izena etorriko zaie gehienei burura. Euren gerizpean ernaldutako punk-rock talde ugari egon ziren, ordea, Arrasaten. Banda horiei dedikatutako panel bat atondu dute klaustroan, eta izenak zein baino zein bitxiagoak dira: Matrona Impudica eta Discipulos de Don Pablo, esaterako.
Deigarria da argazki zaharren alboan kokatuta dagoen QR kodea; baten batek pentsatuko du anakronismo baten aurrean dagoela. Bada, inoiz argitaratu gabeko erreprodukzio-zerrendara eramaten du QRak, paneleko taldeen kantu bana entzuteko gonbidapena eginda. Harribitxi bat da Ez Donk Amaitukoek egindako lan hori, kantu batzuek ez dutelako orain arte sekula argirik ikusi.
ERAKUSKETA ASTELEHENETIK ZAPATURA DAGO IREKITA, 28RA ARTE, ARRATSALDEETAN
Zergatik hartu, baina, halako lan nekezik? "Antolatzaileok zerbaitengatik mugitu bagara, punk-rock musika maite dugulako izan da", azaldu du Iñurritegik. Eta ondo dago proposamen modernoak egitea, baina klasikoek ere badute tokia egitarauan, noski. Musikari buruz hitz eginda, kontzertuek. Gaztetxean gaur gauerako antolatu duten musika emanaldia da horren lekuko. Perlata eta Zero taldeak izango dira taularatuko direnak, eta azken horretan jotzen du bateria Txerra Bolinagak, gaur-gaurkoz RIP taldetik bizirik dagoen bakarrak. Jakina da banda mitikoaren 40. urteurrenaren aitzakian antolatu dutela egitarau osoa Ez Donk Amaitukoek, pandemia aurretik beste asmo batzuk zituzten arren. Izan ere, iazko azarorako, bi urtean behin egiten duten kontzertu-omenaldi berezia antolatzea zeukaten begiz jota, baina laster ohartu ziren ezingo zutela plan horrekin aurrera jarraitu. "Orduan, Txerrak berak aipatu zigun polita izango zela RIPengan hainbeste zentratu beharrean, hamarkada haren ertzak modu batean edo bestean gogora ekartzea".
Pandemiako lehen hilabeteetan imajinazioa suspertzeko denbora egon bazegoenez, ideia hori nola gorpuztu erabakitzeko batzen hasi zen dozena bat lagun inguruko lantaldea. Inguruko jendearen inplikazioa baliatuz, erakusketa, fanzinea, udal liburutegian maileguan eskatzeko liburu-zerrenda, zinema-zikloa eta mahai-inguruak egitea posible zela ikusi zuten, eta hala joan ziren egitarau oparoa zehazten.
Hizkuntza hautuak
Garrantzitsua iruditu zitzaien ekarpen interesgarriak egin zitzaketen pertsonen esanak herritarrei gerturatzea, eta horretarako antolatu dute rockaren bizipenetatik abiatuko den solasaldi sorta. Euskararen eta musikaren arteko erlazioari buruzko mahai-ingurua izango da jorratuko duten lehen gaia, hilaren 10ean. Hasiera batean, Josu Zabala Hertzainak taldeko sortzailea zen gonbidatuetako bat, baina, azkenean, ezin iza-go da etorri, eta haren lekua Haritz Artolak hartuko du.
90eko hamarkadan hasi zuen goierritarrak musika ibilbidea, besteak beste, aurreko belaunaldiko rock taldeetatik edatearen ondorioz: "Orduan entzuten genituen %60k ingelesez egiten zuten, %30ek gazteleraz eta %10ek euskaraz". Dio horregatik irteten zitzaiela "natural" erdaraz idaztea, baina denborarekin jarrera aldatu zuela: "Euskarazko talde asko irten dira azken urteetan, eta ohartzen zara, posible izateaz gain, hautu hobea dela".
Hala ere, jakitun da oraindik euskaldun askok baztertzen dutela euskaraz abestea: "Esango nuke Espainiara eta nazioartera irteteko gogoagatik egiten dutela, baina konplexu kontua da, Berri Txarrak taldeak erakutsi baitu mundura modu duinean joan zaitezkeela".
Feminismoa, "lau zororen kontua"
Hurrengo mahai-inguruan feminismoa izango dute helduleku. Bertan egongo da bere bizipen eta pentsamenduak kontatzen Itziar Ziga aktibista eta kazetaria. Askatasun sexualaren aldeko lorpenez buruz mintzo da: "Hainbeste emakumeren irrika iraultza bilakatu zen, eta urte gutxian legezko dibortzioa eta abortua berreskuratu genituen".
Punk estetikari buruz, aipatu du "gaur egun ez-bitarra edo unisex" bezala ulertzen dela, eta generoen bereizketa punk-festa batean difuminatu egiten zela dio: "Mutilak oso orangutanak izan zitezkeen, baina gu ere ikaragarriak ginen". Feminismoa kuantitatiboki asko hazi dela azpimarratu du, "lehen garrasi egiten zuten lau zoro ginelako, orain, ordea, 9 eta 99 urte arteko 4 mila milioi".
Dakitenengandik ikasi
Azken solasaldiari izenburu irekia jarri diote: Rokanrola drogie donk. Arrasaten behin baino gehiagotan jotako Tahures Zurdos talde nafarreko Aurora Beltran abeslaria entzuteko aukera egongo da, besteak beste, mahai-inguruan. Euskal Rock Erradikala izenez bataiatu zuten mugimenduaren parte izan zen. "Gure gurasoek errebindikatu ezin izan zutenari eta gure inguruan gertatzen ari zen guztiari soinu banda jarri genion, modu bortitzean. Ezinezkoa zen beste modu batera egitea, iragan bortitz batetik gentozelako", adierazi du Beltranek.
Belaunaldi gazteak nola ikusten dituen galdetuta, dio ez dutela iraganarekiko interes handirik erakusten, "agian, deserosoa" egiten zaielako. Ho-rregatik, ez du "amonaren batailatxoak" kontatzera etorri nahi, zerbait eraikitzailea egitera baizik: "Baina hori lortzeko, aurrean dagoenak entzuten eta enpatizatzen jakin behar du, bestela ez baitu ezer ikasiko; eta besteek norberaregandik ikastea nahi duenak eredugarria izan behar du".
Iraganetik ikasteko beste modu bat da Kulturateko liburutegian jarri duten 57 liburuko gida, lurrean jarri dituzten zapata-marken bidez aurkitu daitekeena. Sortatik Iker Barandiaranen 10 elkarrizketa, Marian Porcelen Todo saldrá bien, Arrasateko gaztetxeari buruzko XXX hiru hamarkada luze, zazpi emakume musikariren bio-grafia biltzen duen God Save the Queens: pioneras del punk eta Larga vida a RIP tituluak nabarmendu daitezke, adibidez.
Nahiz eta garaiak aldatu diren, punka amaitu dela baieztatzea ausarkeria dela ondoriozta daiteke. Baina amaitzekotan, noiz izango da? Hementxe Iñurritegiren erantzuna: "Punka gustuko duen azkena hiltzen denean". Bien bitartean, "mugimendu bortitz" horren izena, izana, jatorria eta geroa ziurtatuta egongo dira.
Gaurtik datorren barikura bitartean
Musikaz, mahai-inguruaz eta pelikulez gozatzeko hitzorduak daude programatuta datozen zazpi egunetan. Bionako bisita gidatuak gaur zortzi hasiko dituzte, bestalde.
• Gaur, hilak 5, kontzertua: Perlata eta Zero, gaztetxean, 22:00etan hasita, 5 euroren truke. Perlatak, 2015ean sortutako talde arrasatearrak, hiru disko argitaratu ditu dagoeneko, eta laugarrena laster aterako du kalera. Zeroko lau kideetatik bi ere etxekoak dira, Txerra Rodriguez eta Jon Zubiaga, hain zuzen; gaur gauekoa euren ibilbideko hirugarren kontzertua izango da, eta diote ilusio berezia egiten diela bertan parte hartzeak.
• Domekan, hilak 7, Good Vibrations pelikula, gaztetxean, 18:00etan hasita. 70eko hamarkadan Belfast hiriko barrunbeak astintzen dituen mugimendu musikal underground-a azaltzen du.
• Martitzenean, hilak 9, Stiv pelikula, Amaia antzokian, 19:30ean hasita. Dead Boys and The Lords of The New Church taldeetako abeslari izandako Sitv Batorsen bizitzari buruz.
• Eguaztenean, hilak 10, Rocka eta euskara, zozoak beleari ipurbeltz? mahai-ingurua, 19:00etan, Kulturaten. Unidad Alavesa taldeko Haritz Artola abeslaria, Garbiñe Ubeda idazle eta diseinatzailea eta Josu Ximun Billelabeitia Belako eta Lukiek taldeko gitarra-jolea izango dira hizlariak.