Talde berria da zuena. Iaz, pandemia tarteko, ez zenuten liga ofizialik izan, eta orain hasi zarete.
Halaxe da, baina iazko urtea bikain etorri zitzaigun errugbiak dituen joko-arau guztiak ikasteko. Urtebeteko tartea izan dugu ikasteko, lagunartekoak jokatu ditugu, eta orain ligan hasi garenean oinarri batekin hasi gara. Gehiago esango dizut, iaz errugbiak izugarri lagundu zidan pandemian egindako urtea beste modu batera eramaten; entrenatzera etortzen ginen, eta horrek arnasa ematen zigun.
Talde gaztea duzue; zelan iritsi zarete errugbi taldea osatzera?
Lagun batek komentatuta hasi nintzen ni, eta ez pentsa jokalari guztiak Arrasateko kuadrilla berekoak garenik. Ez, Debagoieneko herri askotako jendea dago; esaterako, taldekide asko oñatiarrak dira. Sekulako talde giroa dugu, eta hemen beste kuadrilla bat sortu dugu.
Horrenbestez, taldean zaudetenok lehenago ez zenuten errugbiarekin harremanik?
Ez; nire kasuan, telebistan ere ez neukan errugbi partidu bat ikusita. Oso gaztea nintzenean saskibaloian jokatu nuen, baina gero ez naiz inon federatuta egon, orain arte. Eta, konturatu garenerako, kirol honek maitemindu egin gaitu; orain, errugbiko jonki bilakatu gara; kar, kar, kar.
Zer dauka, bada, errugbiak?
Batetik, taldean daukagun giroak asko laguntzen du. Eta, horrekin batera, joko erakargarria da, kontzentratuta egotera derrigortzen zaitu, egunerokotik ihes egiteko baliagarria da eta errespetu handia dago. Hau da, badirudi joko zakarra izan behar dela, baina errugbia noblea da. Errespetu handia izaten zaio kontrarioari, eta baita epaileari ere. Eta gainera, partidu ostean egiten ditugun hirugarren denborak ere ederrak dira; kar, kar, kar. [Errugbian ohitura da partidu amaieran kontrarioarekin garagardo batzuk hartzea].
Taldea ordiziarrekin batera osatu duzue.
Bai. 15eko errugbian jokatu gura genuen, zelai osoan, baina horretarako jokalari asko behar dira. Berdegunean 15 lagun egoten dira, baina partiduetara komeni da 23 lagun inguru joatea, ordezkoak izateko. Arrasateko taldean ez gaude horrenbeste neska, eta ordiziarrak egoera antzerakoan zeuden. Bada, talde polita osatu dugu. Euren artean badira jokalari gazteak, baina baita esperientzia gehiagoko jokalariak ere.
Orain arte, bi partidu jokatu dituzue; zer moduz?
Emaitzei erreparatzen badiegu, bi partiduak galdu egin ditugu [12-33 La Unicaren kontra eta 48-20 Bilboko unibertsitarioen kontra], baina taldea aurrerapauso handiak ematen dabil. Oso kontziente gara kirol honetara iritsi berriak garela, eta asko daukagula ikasteko, baina iazko lagunarteko partiduekin alderatuta orain daukagun mailak ez du zerikusirik. Badakigu ez dela emaitzei begira egoteko urtea, baina partidu bat irabazten dugun egunean... Sekulakoa izan behar du horrek.
Asteburuan atseden duzue.
Bai, zubia tarteko ez dugu partidurik. Gasteizko Gaztediren kontra jokatuko dugu hurrengo partidua; haiek ere esperientzia dute.
Liga hasi berria da, komeniko zaizue jokalari gehiago taldera batzea.
Hori da, taldeko ateak zabal-zabalik ditugu, eta mezua bidali nahi diegu Debagoieneko neskei: astelehen eta asteazken arratsaldeetan entrenatzen gara, eta gerturatu daitezela beldur barik!