Jon Etxeberria: "Ikerlanen 2019an egindako obra borobildu dute eguzki-plakek"

Hasier Larrea 2021ko urr. 29a, 18:00
Jon Etxeberria, Ikerlanen egoitzako teilatuan, eguzki-plakak atzean dituela.

Ekainean hartu zion Ikerlaneko zuzendari orokor izateko testigua Marcelino Caballerori, eta dio momentu onean dagoela Arrasateko ikerketa zentroa; eguzki-plakek laborategi funtzioa ere beteko dute.

Energia berriztagarrien aldeko beste apustu bat egin du Ikerlanek, bere egoitzan plaka fotovoltaikoak instalatuta. Jon Etxeberriak (Arrasate, 1975) nabarmendu du energiaren alorrean datozen berrikuntzetara moldatzen dabiltzala.

Lehenik eta behin, zer moduz kargu berrian?

Ikerlan momentu onean dagoela izendatu naute zuzendari orokor; duela gutxi, datozen lauzpabost urteetarako plan estrategikoa diseinatu dugu. Aurretik, Giza Baliabideetako zuzendaria nintzen; hortaz, orpoz orpo lan egiten genuen [Marcelino] Caballerok eta biok. Trantsizio suabea izan da, beraz.

Ikerlaneko teilatua plaka fotovoltaikoz hornitu duzue hilabete honetan. Zer dela eta?

Gaur egun asko hazi den joera da, bi kontugatik: alde batetik, inbertsio horien kostuak izugarri jaitsi dira, energia eredu tradizionalen pare heltzeraino; eta, bestetik, Espainiako araudiak autokontsumorako zeuzkan hesi batzuk desagertu edo leundu egin ditu azken hilabeteetan. Abantaila horietaz baliatu gara, inguruarekiko konpromisoa dugulako eta epe luzera errentagarria egingo zaigulako. Egoitza estetikoki ere hobetu genuen, eta, bide batez, ibilgailu hibrido zein elektrikoak kargatzeko zutoinak jarri genituen.

Izan ere, oraindik eguzki-plakak ez dira zuen jabetzakoak, ezta?

Ondoan taldeko enpresa batek egin digu instalazioa, eta hura arduratu da inbertsioaz. Hain zuzen, guk enpresa horri energia erosiz ordainduko diogu, eta hemendik hamar urtera izango dira gureak. Bistan denez, modelo berezia da.

Egoitzako kontsumoaren ze zati hornituko du eredu horrek?

%20. Urtero ia 80.000 euroko faktura elektrikoa ordaintzen dugu. Beraz, plakek energia sare tradizionaletik gutxiago kontsumitzea ahalbideratuko digute. Kontuan hartu behar da 2019an eraikineko fatxadei eta leihoei bigarren azal bat erantsi geniela, hein batean, isolamendu termiko eta akustikoa hobetzeko. Aldaketa harekin nabarmen igarri genuen faktura elektrikoaren jaitsiera. Beraz, instalazio honekin borobildu egin dugu 2019an egindako obra. Egoitza 70eko hamarkadan eraiki zuten, baina gaur egun ez du orduko itxurarekin inolako zerikusirik.

Etorkizuneko erronkei adi jarraitzen diozuen seinale da egin berri duzuena...

Plaka fotovoltaikoak laborategi antzekoak izango dira guretzat. Guk energia biltegiratzeko sistemak eta bateriak garatzen ditugu; agian, hemen ez da horren ohikoa oraindik, baina Alemanian gero eta gehiago sustatzen dira berriztagarriekin egiten diren bateriak. Energia fotovoltaikoetan eta eolikoan oso murgilduta gaude, eta bateriek garrantzi handia daukate, energia hobeto erabili eta kontsumitzeko. Hain zuzen, berriztagarrietan ezin duzu sortuko duzun energia planifikatu, naturak ematen dizunaren arabera aldakorra delako.

Baterien alorrean, ze proiektutan zaudete murgilduta?

Europa mailako proiektu batean gaude, Mercedes eta beste zenbait enpresarekin batera lanean. Erronka auto elektrikoen baterien iraupena luzatzea da, autoak gaur egun heltzen direna baino urrunago joan daitezen.

Atzera begira, ze beste proiektu nabarmenduko zenuke?

Aipatuko nuke CAFekin batera egin genuena Sevillako tranbian. Biltegi sistema bat jarri genuen, eta horri esker produktu berria garatu zuen CAFek. Hiri askotan biltegi sistema horrekin garatutako tranbiak eraiki dituzte. Bestalde, Airbus hegazkinetan hegalak berotzeko sistema garatu genuen, hegaldian zehar izotza sortzea galarazteko.

Halako dimentsioko egitasmoak garatzeko talentua erakartzea funtsezkoa al duzue?

Erabat. Ikerlanen harrobi lanak egiten ditugu, ikasleak gurekin formatu eta ikerlari bezala gurekin geratzeko, edo beste enpresa batzuetan lan egiteko. Hamabost unibertsitaterekin harremana dugu; horietan garrantzitsuena Mondragon Unibertsitatea da. Aliantza estrategikoa dugu eurekin. Ingeniari beharra dugu orain, eta, egia esan, askotan ez gara gai ikasketa teknikoek daukaten interes orokorraz eta lan baldintza duinei buruz komunikatzeko.

Zer esanik ez emakumeei dagokienez, ez al da hala?

Jakina da ikasketa teknikoetan emakumeen presentzia %30ekoa dela; Ikerlaneko 350 langileen %30 dira emakumeak, hain justu. Berdintasun batzorde bat sortu dugu, sentsibilizazioaren aldetik barrualdean neurriak zeintzuk izan daitezkeen aztertzeko, besteak beste.

2019an, BRTAra batu zineten (Basque Research and Technology Alliance). Ze helbururekin?

EAEko hamazazpi zentro gaude Eusko Jaurlaritzaren babesa duen elkartean. Ikerlan zentro nahiko handia da hemen, baina Europa mailan nahiko txikia. Helburua da EAEko zentroekin koordinatu, indarrak batu eta kanpora goazenean Euskadin teknologiaren alorrean daukagun maila erakustea. Hau da, elkarrekin joanda, Europako beste zentroen pare egotea. Garrantzitsua da zentrook ondo koordinatzea, ikerketa berberak egin beharrean, bakoitzak egiteko bere espezializazioak, esparru desberdinetan osagarri izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak