Musika eta poesia ikuskizuna izango da gaur, Kulturaten

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko urr. 29a, 09:01

Jon Basaguren eta Iñigo Astiz, promozio irudian.

Bibliotekaren Egunaren ospakizunak borobiltzeko, gaur, egubakoitza, Jon Basagurenen eta Iñigo Astizen 'Oraindik, orain eta oraingoz' emanaldiaz gozatu ahal izango da, 19:00etan. Areto nagusian izango da, eta ez da gonbidapen edo sarrerarik behar.

Jon Basaguren musikariak eta Iñigo Astiz idazleak euren azkenaldiko sorkuntzak erakutsiko dituzte Arrasateko Kulturaten egingo duten emanaldian.  Poesia eta musika saioa da Oraindik, orain eta oraingoz izenekoa, eta bertan, besteak beste, sortzailetasunaz hausnartuko dute. Hauxe adierazi du Basaguren musikariak: "Sortzaile izateak dakarrenari buruz hausnartuko dugu ikuskizunean, tonu umoretsuan. Osotasun batean sortu dugu proiektua, Astizen poesiak eta nire musika alderdia oinarri hartuta".

Enkargu batetik sortua

Izaki Gardenak taldeko Basagureni proposatu zioten proiektua Bilboko Arriagakoek, bertako Udalarekin batera antolatzen duten Literatura eta musika euskaraz ziklorako. Eta galdetu zioten ea idazleren batekin batuta zer egiteko aukera zuen. Musikariak, besteak beste, Euskadi literatura sariaren irabazle den eta hainbat liburu eta poesia idatzi dituen Astizekin daukan konexio artistikoa kontuan hartuta, hari egin zion proposamena, eta hortik abiatuta sortu zuten lana. "Astizek landu du ikuskizuneko gidoia gure sorkuntzei osotasuna emateko, nahiz eta alderdi inprobisatu pare bat ere izango dituen ikuskizunak, zuzenekoa den heinean. Poesia oso ederren bat ere estreinatuko du Astizek ikuskizunean, esaterako, eta nik kantu berri-berririk ez dut joko, baina aspaldi jo gabekoak entzun ahal izango dira, moldatutakoak ere bai, eta zuzenekoren batean estreinatutako baina gutxitan jotako bertsioren bat ere eskainiko dut", azaldu du Basagurenek. Gaineratu du emanaldi "freskoa" izango dela.

Ikuskizun "dinamikoa"

Bi artisten kasuan, normalean euren lanetan "oso gauza serioetara" jotzen dutela zehaztu du musikariak, baina argi utzi nahi izan du orain esku artean duten ikuskizunak umore puntuak izango dituela eta saiatu direla momentu batzuetan umore beltzetik edo alde sarkastikotik jotzen. Gaineratu du normalean jotzen ez dituen instrumentuekin "zarata" apur bat ere egingo duela une batzuetan, esaterako, gitarra elektrikoa ere joko du-eta ikuskizunean. Proiektu horrek balio izan die biei euren lanak taula gainetik erakusteko, eta, orainaldia lehengai izanda, ia ezinbesteko dirudi pandemiaz aritzea. "Atzeko  lanetan aritu naiz pandemia garaian; izan ere, pandemia bera sartu zaigu bizitzetan, eta, edozertaz hausnartzen hastean, agertu egiten da, baita poema eta kantu batzuetan ere", adierazi du Basagurenek. Dena den, emanaldia "dinamikoa" eta ikus-entzulea "ez aspertzeko" modukoa izango dela adierazi du musikariak.  

Zuzeneko saioak

Bilboko estreinaldiaren ostean, Zarautzen eta Getxon eskaini dute ikuskizuna orain arte, eta bi artistak oso pozik daude momentuz izan duten harrerarekin. "Poesia eta musika ikuskizun bat izatera, zerbait dinamikoa egin nahi genuen, ikus-entzuleak ez genituen aspertu nahi, eta uste dut jendea gustura gelditzen dela gure emanaldien ostean, gauzak gertatzen baitira emanaldian zehar, eta gu ere oso gustura sentitzen gara", esan du Basagurenek.

Abenduan, esaterako, Gasteizen eskainiko dute euren ikuskizuna, baina aurretik, gaur bertan, Arrasaten egingo dute geldialdia. Musikariak gaineratu du "gogotsu" daudela Arrasaten gaur, egubakoitza, 19:00etan Kulturateko areto nagusian eskainiko duten ikuskizunera begira, herritarrek nola hartuko duten jakiteko irrikaz. Bertara joateko ez da gonbidapen edo sarrerarik beharko, eta Oraindik, orain eta oraingoz emanaldiarekin borobilduko  dituzte, hain justu ere, Bibliotekaren Egunaren inguruan antolatu dituzten ospakizunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak