"Azken urteetan, Halloween festa gure herri eta inguruetan asko zabaltzen zebilen, eta orain arte ez gara konturatu izan Gaba Baltza ere badagoela gurean, betidanik egon izan dela. Urte luzez ez dugu horren berri izan, eta, orain informazio gehiago daukagunez, euskal tradizio horiek berreskuratu eta gehiago ezagutarazi gura dugu", azaldu du Txatxilipurdi Elkarteko kide Itsaso Garaik.
Txatxilipurdiz gain, halaber, talde eta eragile asko batu dira egitaraua osatzeko. "Beste urte batzuetan baino askoz gehiago batu gara, eta hori oso pozgarria da", azaldu du Garaik. Hala, Ttak! gazte taldea, Ekin Emakumeak, ludotekak, gazte txokoak, Doke Antzerki Taldea eta Ibai-arte merkatarien elkartea dira egitaraua antolatu dutenak.
Bihar, Arimen Biltzarra Herriko Plazan
Astean zehar askotariko ekintzak egiten dihardute ludoteketan. "Batetik, kukumarroaren eta Gaba Baltzaren inguruko ipuin kontaketak egin ditugu. Bestalde, gizarte hezitzaileek kukumarro bat sortu dute ludoteka bakoitzean pertsonaia moduan jartzeko, eta, horren baitan, umeekin Gaba Baltzaren gaia landu dute. Azkenik, kandelagintza saioak eta gaian oinarritutako mural bat ere egin dute", azaldu du Garaik.
Bestalde, bihar, egubakoitza, Arimen Biltzarra egingo dute. "18:30ean Biteri plazan elkartuko gara eta kalejiran joango gara plazara, Ilargitxo-rekin batera". Gainera, herritarrak mozorrotzera animatu gura dituzte, "baserritarrez, kukumarroz edo egoki ikusten duten bestelako mozorro bat jantziz". Ondoren, ekitaldi nagusia egingo dute, eta 19:30 aurretik bukatuko da. "Doke Antzerki Taldeko Ezberdin Berdinak taldeak amonaren heriotzaren inguruko antzerki bat egingo du; gero, gaztainak banatuko ditugu bukaeran, eta elkarrekin abestu".
Zapatuan, Musakolako gazte txokoan afaria eta errituala egingo dute, 20:30ean hasita – aurrez izena eman beharko da gazte txokoetan–. Domekan, beldurrezko film laburren emanaldia egingo dute, hori ere Musakolako gazte txokoan, 18:00etan –izen-ematerik ez–.
Jatorriaren inguruko bisitak
Bestalde, Arrasateko Udalak Gaba Baltzaren jatorriaren inguruko bi bisita gidatu antolatu ditu biharko. "Helburua da ospakizun honen nondik norakoak ezagutzea; benetako jatorria gurean du edo arrotza da? Nola eta noiz ospatzen zen? Galdera hauei guztiei eta beste batzuei erantzuna ematea izango da bisita gidatu honen jomuga".
Herriko Plazatik abiatuko dira, 10:00etan euskarazkoa eta 11:00etan gaztelaniazkoa –55 minutuko saioak izango dira–. Aurrez izena eman beharko da, 943 25 20 00 zenbakian, udal webgunean edo BAZen.