Ane Odriozola: "Trilogiaren amaiera 36ko gerran kokatu dut"

Hasier Larrea 2021ko urr. 24a, 22:00

Ane Odriozola, argitaratu berri duen liburua esku artean duela.

'Conspiración en Gibola' eleberriarekin itxi du misteriozko trilogia, eta jadanik eskura daiteke liburu-dendetan. Kulturateko areto nagusian aurkeztuko du hilaren 27an, eguaztena, 19:00etan.

El secreto de Gibola eta La sombra de Gibola eleberriekin ezagutarazi zen Ane Odriozola (Legazpi, 1979) idazlea. BAZeko langileak istorioari amaiera eman dio bere hirugarren nobelan, gerra garaian Legazpi inguruan gertatutako pasarteak fikziora eroanda.

Hasteko, zer da Gibola?

Nire birramona jaio zen baserria, Legazpiko Brinkola auzoan da-goena. Bertako bizilagunek ai-patu didate turismoa sortu dela inguruan, eleberriak irakurri dituen jende asko joaten baita, kuriositateak bultzatuta.

Eleberrien arrakasta ulerterrazak direlako etorri omen da.

Pentsa, martitzenean Legazpin aurkeztu nuen, eta irakurle batek esan zidan bizitza osoan hiru liburu baino ez dituela irakurri: lehena, eskolan derrigortuta, eta beste biak, trilogiaren lehen bi atalak. Poza ematen dit halakoak entzuteak.

Oraingo eleberriaren testuingurua modu sinplean azaltzeak lanak ekarriko zizkizun, ezta?

Dokumentazio lan handia egin dut, 36ko gerraren inguruan informazio asko dagoelako idatzita Legazpin. Hori da lehen pausoa, dena argi ikusi eta idazten hasi aurretik. Lehen bi eleberrietan ez nuen gerra garaia ukitu, baina oraingoan bete-betean sartu naiz.

Trilogiako hiru nobelak, hurrenez hurren.

Garai hartako zerk harritu zaitu, bereziki?

Bi kontuk: batetik, Legazpiko familia garrantzitsuenak urrezko ezteiak egin zitueneko ospakizunak, herri guztiak hartu baitzuen parte; ikaragarrizko festa antolatu zen. Eta, bestetik, Gabiria eta Legazpi artean dagoen Azpiri baserri-auzoan zegoen elkartasun giroak; gustatu zait nolako bizia zeukaten frogatzea.

"ELEBERRIEK TURISMOA ETA GUZTI SORTU DUTE NIRE BIRRAMONAREN GIBOLA BASERRIAN"

Besteetan bezala, nobela berriaren azalak ematen du barruko orrialdeen pistarik...

Egurrezko mahaia eta lau aulki ageri dira; konspiratzaileenak, hain zuzen. Mahaiaren erdian Agirretxeberri txaletaren planoa agertzen da. Lehen aipatu dudan familia garrantzitsuaren txaleta da Agirretxeberri.

Nondik jasotzen duzu inspirazioa?

Liburu bat irakurtzen dudanean, apuntatu egiten dut bereziki gustatu zaidana; egitura edota misterioaren trataera, adibidez. Horiek nire sorkuntza prozesuan txertatzen saiatzen naiz. Gogoan dut nola hasi nintzen lehen eleberriarekin; Charlote Link idazle alemaniarraren zazpi nobela irakurri nituen uda batean, eta horrek piztu zidan El secreto de Gibola sortzeko irrika. Egia esan, nire amari opari bat egitea zen lehen asmoa, eta ez, horrenbeste, publiko egitea.

Baina abentura horretan murgildu zinen; zure kabuz, gainera.

Lehenengoetan, argitaletxe batekin jarri nintzen kontaktuan, baina, azkenean, ez zuten publikatu nahi izan, zaila baita idazle hasiberri batentzat halakorik lortzea. Autopublikaziora jo nuen orduan, eta funtzionatu egin zuen. Ondorioz, hurrengo bi eleberriak ere modu eta gogo berarekin planteatu ditut.

Legazpin egindako aurkezpenean, jende-ilarak sinadura lortzeko.

Aurkezpenetan prozesu hori nolakoa den ere azaltzen duzu, ezta?

Legazpin eta Zumarragan aurkeztu dut aste honetan, eta saiatu naiz saioa entzuleari entretenigarria egiten. Booktrailer bat jartzen dut hasieran; gero, solasaldia egiten dugu; eta bukaeran, bideo bat proiektatzen dut, autopublikazioaren faseak azaltzeko.

Non eskura daiteke liburu berria?

Arrasaten, Elkarren eta Donde Yon dendan; eta Oñatin, Haritza liburu-dendan. Beste edozein liburu dendatan ere eskatzeko aukera badago.

Amaitzeko, ba al duzu zerbait esku artean?

Lau istorio dauzkat buruan bueltaka, baina erabaki dut datorren urtean ezer ez idaztea eta trilogia mugitzea. Etorriko da beste nobela bat gero, seguru.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak