Vox-en aurkako mozioaren harira, Elkarrekin Arrasatek "oso larritzat" jo ditu alkatearen hitzak

Hasier Larrea 2021ko urr. 22a, 10:09

Eva Abuin, Elkarrekin Arrasateko bozeramailea.

Urriko osoko bilkuran irailaren 18an "Vox-ek arrasatearren aurka egindako gorroto diskurtsoa publikoki salatzeko" mozioa aurkeztu zuen Udal oposizioak. Onartu egin zen, Udal gobernuaren abstentzioarekin. Hala ere, Elkarrekin Arrasate ez dago konforme Ubarretxena alkateak bilkuraren ostean egindako deklarazioekin.

EAJk eta PSEk bizikidetza batzordean landu beharreko gaia zela argudiatu zuten abstentzioa emateko orduan. Maria Ubarretxena alkatearen hitzak  hauek izan ziren: "Legealdi honetan ikusten dut oposizioaren jarrera ez dela aurreko legealdiko berdina, bizikidetza mahaiarekiko zuten errespetua galdu egin dutelako. Azken finean egiten ari direna da mahai horretako paktuak apurtu. Eta esan behar dizuet gu oso triste gaudela ez dugulako ikusten benetan ahalegin bat mahai hori mantentzeko". (Goienaren albistean daude deklarazioak, bideoaren 3. minutuan).

Deklarazioak "publikoki erretiratzeko" eskaera

Osoko bilkuratik bi astera, Eva Abuin Elkarrekin Arrasateko bozeramaileak alkatearen hitzak "akusazio larri eta faltsuak" direla azaldu du, "publikoki erretiratu ditzala" eskatuz: "EAJ-PSOE Udal gobernuak aurreko legealdian, 2018ko ekainaren 27an, bizikidetzarekin lotura zuzena zuen mozio bat osoko bilkurara eraman zuen, eta legealdi honetan ere beste mozio bat, 2020ko ekainaren 2an".

Era berean, mozioan abstentzioa bozkatzea zilegi ez dela dio Abuinek: "Vox ez dago gure elkarbizitza eraikitzeko agendan, eta ondorioz auzi hau erabiltzea gure
mozioan abstentzioa justifikatzeko ez da zilegi. Ez erabili bizikidetza batzordea zuen alderdi-intereserako. Bizikidetza mahaian gauden alderdi guztiak joko arau berdinak izatea erabaki genuen hasieratik".

"Zentsura" salatu du Abuinek

Gainera, urrian izandako osoko bilkuran mozioa aurkeztea Abascalen gorroto diskurtsoa gaitzesteko gobernuak utzi dien "aukera bakarra" izan dela gehitu du, akordioa landu nahi izan ez dutela zehaztuz.

Azkenik, mozioa bozeramaile batzordean aurkeztu zutenean alkatea ekimena "zentsuratzen" saiatu zela aipatu du: "Arrasateko Udaletxean dihardugunetik ezagutzen ez genuen jarrera autoritarioa jaso genuen, legea erabiliz (Udal Araudi Organikoaren 43. artikulua) gai zerrendatik guk aurkeztutako mozioa ezabatzeko. Politika egiteko gaitasun faltaren aurrean, oposizioaren ekimena isilaraztea da udal gobernu honen estrategia. Are larriago Arrasaten faxisten presentzia baimendu ostean hauen gorroto politikak gaitzetsi nahi direnean".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak