'O!' ikuskizuna: Kupula baten barruan, eta etzanda ikusteko

Mireia Bikuña 2021ko urr. 22a, 15:00

Oihan Indart dantzaria, bere besoen itzala proiektatzen, kupulan.

Elirale konpainia 'O!' ikuskizunarekin dator Arrasateko Amaia antzokira zapatuan. Pantxika Telleriak egindako koreografiari Oihan Indar dantzariak emango dio forma. Dantza "dastatzeko" aukera izango dute 3 urtetik gorako ikusleek.

Txikiei zein handiei zuzendutako dantza-ikuskizun bereziarekin dator Arrasateko Amaia antzokira Elirale konpainia: O! izenekoarekin, hain zuzen. "Umeek harridura aurpegia ipintzen dutenean O handi bat egiten dute ahoarekin, eta hori da ikuskizun honekin lortu gura duguna: umeak harritu", dio ikuskizuneko koreografo Pantxika Telleriak. Dena den, dantza emanaldia 3 urtetik gorakoendako ikuskizuna da. Bi emanaldi egingo dituzte: 16:30ean bata eta 18:30ean bestea. Sarrera hiru euro da.

30 minutuko emanaldia

Amaia antzokira hurbiltzen direnek aktore bakarra ikusiko dute: Oihan Indar dantzaria. Baina ez da egongo oholtza gainean, baizik eta oholtza gainean egongo den kupula baten barruan. Eta ikusleak kupula barrura sartuko dira, emanaldia ikustera. Eta emanaldia etzanda ikusiko dute. "Itxitako kupula puzgarri harrigarrian egingo dugu dantza emanaldia. Sorkuntza-prozesu bat izango da. Bakarkako saio honek miresgarritasun arloa jorratu nahi du, mugimenduen, itzalen eta argien bitartez", azaldu du Telleriak. Era berean, formatu berezi horrek aukera ematen du ikuspegi panoramikoa izateko; 360 graduko ikuspegia, alegia.

Harridura efektua

Ikusleak kupula baten sartzearen ideiak eta horren garapenak bi urteko bidea egin du, eta jatorria dauka konpainiaren Artha ikuskizunean. "Ez da bat-batean sortutako ideia izan. Kupula erabiltzearena ondo landutako erabakia izan da. Neurri zehatz batzuetara egokitutako kupula da. Gure beharretara egin du enpresa katalan batek. Dantzariaren mugimenduek argiarekin sortutako itzalak ezker-eskuin islatuko dira kupulan, harridura efektua sortzeko".

Halako formatu batek, gainera, aukera ematen du dantza umeei hurbiltzeko. "Haurtzaroan txunditzeko dugun gaitasunaz baliatuko gara beraiengana hurbiltzeko. Dantza erabiliko dugu, baina modu abstraktuan eta poetikoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak