Euskal Herriko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako zein Batxilergoko ikasleak zientziara, teknologiara, ingeniaritzara eta matematikara hurbiltzea helburu, hainbat jarduera antolatu dituzte Garaia Parke Teknologikoak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak.
Euskal gazte zientzialariak munduan zehar lelopean, Zientzia eta Teknologiaren Nazioarteko Astearen baitan bilduko dira ekintza nagusiak; zehazki, azaroaren 8tik 12ra. Hala ere, bada jada martxan dagoen erronka bat.
Egitarau zabala
Urriaren 13tik azaroaren 5era arte aurkeztu ahal izango dira, hain zuzen, arrautza jaurtiketaren erronkako lanak. Saridunak, aldiz, azaroaren 12an lau profesionalek teknologiaren orainaz eta etorkizunaz egingo duten eztabaidaren bueltan iragarriko dira.
Mahai-inguru horrek itxiko du egitaraua, baina azaroaren 8tik 11ra izango da non aukeratu. Izan ere, Debagoienan trebatutako profesionalekin elkarrizketa bana egingo da egunero, goizeko 10:00tik aurrera. Hainbat arlo teknologiko izango dituzte hizpide, airea, lurra, ura eta espazioa hizketagai hartuta; saio bakoitzaren amaieran, elkarrizketari lotutako Kahoot erronka bana egingo da, irabazle eta sariekin.
Mugak hausteko hautua
2020ko deialdi telematikoak izandako erantzuna aintzat hartuta, antolatzaileek Debagoieneko muga geografikoetatik haragoko ikasleei ere parte hartzeko aukera zabaldu nahi izan diete. Ondorioz, hitzaldietan, mahai-inguruetan zein lehiaketetan telematikoki parte-hartzeko aukera egongo da.