Antolatzaileek azaldu dutenez, biologiaren arlo ezberdinetako ikertzaileek hamarkada gutxi batzuk egin dituzte enzefalopatia espongiforme transmisibleak ulertzeko ahaleginetan. "Izan ere, nahiz eta behi eroen krisialdia ia kontrolpean egon, ezagutzen diren gaixotasun
bitxienetarikoak dira gaitz hauek. Hain arraroak, bi Nobel saridun egon direla urte ezberdinetan gaixotasun honen inguruan egindako ikerketengatik", zehaztu dute.
Gaineretau dutenez, gaixotasun horiek eragiten dituen patogeno ezohikoak, prioiak ere deituak, hasiera hasieratik erakarri zuten biologo, albaitari eta mediku askoren arreta. "Baina gizartean ez ziren ezagun egin 90eko hamarkadara arte, behi eroen gaitza eta hari lotutako elikadura krisiak Europa guztia astindu zuen arte. Hala ere, gaur egun, bere garaian medioen eta gizartearen arreta bete-betean bereganatu zituen arren, gutxi batzuk soilik oroitzen dute behi eroen gaitza, eta askok bere buruari ere galdetuko diote, 'non daude behi eroak?'. Egun, gaixorik aurkitu zen lehenengo behiaz geroztik mende laurden baino gehixeago pasa denean eta ahalegin askoren ondoren, hasi gara behingoz gaixotasun honen jatorria ulertzen eta ustegabean konturatu gara behi eroek, agian, zerbait erakutsi ahal digutela beste gaitz neurodegeneratibo batzuen inguruan, alzheimerra edo parkinsona kasu".