Antolakuntza, hobeto bizi eta lan egiteko

Hasier Larrea 2021ko urr. 15a, 19:09

Daniela Castro elkarteko presidenteak hartu du berba aurkezpenaren hasieran.

Amerika elkartea aurkeztu dute gaur Kulturateko areto nagusian, asteon 1492ko konkistaren urteurrena bete dela aprobetxatuta. Kalitatezko lanak sortzea eta etorkinak euskaldunen artean integratzea dira erronkak. Elkarteko kideez gain, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta Ezker Anitza-IUko ordezkariak ere egon dira aurkezpenean, baita Mondragon Taldekoak ere.

Latinoamerikako 3.000 migratzaile daude, gaur egun, Debagoienean. Lan eginez bizi izateko etorri dira, baina oztopo ugarirekin egiten dute topo, sarri. Emakumeak dira gehienak, familia-buruak, alokairuan bizi dira beste familia batzuekin batera, eta zaintzaren sektorea da askoren ogibidea. Ohartu dira inork ez diela ezer oparituko: "Gure kolektiboak behar ugari ditu; garrantzitsuena, egoera erregularrean lan egitea", diote oraingoz Amerika elkartea osatzen duten 22 kideek, aho batez. Hala, enpresa kooperatiboak sortu nahi dituzte, "kalitatezko lanak sustatu eta, bide batez, ezkutuko ekonomia atzean uzteko".

Jadanik hasiak dira horretan, bai baitakite ze arlo jorratuko dituzten: menpekotasuna duten pertsonen zaintza, etxebizitza, joskintza, aholkularitza juridikoa, migratzaileen errolda, osasun mentala eta aisialdia, besteak beste. "Duintasunez" bizi izateko, hau da, "norberak etxera gutxieneko soldata bat eramateko, baina inongo limosnarik jaso gabe". Hori lortzeko, kide bakoitzaren profila eta esperientzia baliatuko dituzte, eta ilusio handia egiten die, esaterako, arropa-marka propioa sortzeak.

Kulturateko areto nagusian egin dute aurkezpena.

Kulturak ere jomugan

Baina Amerika elkartearen diskurtsoa ez da maila sozioekonomikora bakarrik mugatzen. Euskaldunen eta amerikar indigenen artean antzekotasunak ikusten dituzte: "Hemen asko landu duzue identitatea, eta guk begirunea diogu horri; gainera, zuek ere jasan duzue kolonizazio inperialista".

Beraz, kulturari dagokionez, bi lerrotan banatu dute misioa: "Batetik, gure seme-alabei irakatsi nahi diegu zeintzuk diren euren sustraiak, eta, bestetik, euskal kultura eta euskara sakonago ezagutu nahi ditugu".

Ildo horretatik, elkartearen aurkezpenaren ostean, hitzaldi bat egin du Rene Behoteguy ekonomialariak, indigenek Amerika izendatzeko erabiltzen zuten abya yala kontzeptua erdigunera ekarriz. Gero, herriko alderdi politiko gehienetako ordezkariak ere egon dira saioan, haien ikuspuntua partekatzen: Maider Morras (EH Bildu), Eva Abuin (Elkarrekin Podemos) eta Juankar Davila eta Juan Luis Merino (Ezker Anitza-IU). EAJko eta PSE-EEko ordezkaririk ez da izan.

Daniela Castro elkarteko presidenteak, gainera, eskertu egin du alderdi politikoen babesa eta elkarlanerako deia egin die.

Ezkerretik eskuinera, lehen lerroan, Eva Abuin, Maider Morras eta Juankar Davila.

Topagune bila

Kulturatekoa elkartera jende gehiago batzeko asmoz egin dute, "jatorriari begiratu gabe, proiektuari bere ekarpena egiteko gogoz dagoen edonori" begira. Indarrak pilatuz joan ahala, ziur daude "atzerrian euskal etxeek betetzen duten funtzioaren antzeko espazio bat" aurkituko dutela egunerokotasunean elkartzeko. Eraikinaren lehen harria jarri dute, gutxienez.

Kooperatibismoaren ideia eredu

60ko hamarkadan herritarrek bizi zuten egoerarekin alderatzen dute gaur egun hemen bizi diren etorkinen egoera Daniela Castro elkarteko presidenteak eta Hermann Vazquez lege-aholkulariak. Josemari Arizmendiarrietaren pentsamendua egokia iruditzen zaie buruan dauzkaten helburuak gauzatzeko: "Uste dugu ideia horiek indarra galtzen dabiltzala gizartean, baina guk berreskuratu egin nahi ditugu. Azkenean, kalitatezko lanak sortzeak on egiten digu, ez guri bakarrik, gure inguruari ere bai".

Oraindik zenbaitek etorkinak arazotzat jotzen dituztela diote, baina gizartea konpontzen laguntzen dutela argi daukate eurek: "Beharrezkoak gara hemen, populazioaren zahartzea den moduko gatazka bati erantzuten diogu, adibide bat jartzearren".

Daniela Castro eta Hermann Vazquez, Arrasaten.

Erlazionatuak

Amerika elkartea, lehen urratsak ematen

Eneko Azurmendi Barrena 2021 aza 09 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak