Eguzkiñe Uribesalgo: "Jendeak bere etxeko atea zabaltzen digu"

Jone Olabarria 2021ko urr. 15a, 14:07

Jendearen arazo asko bereganatzen dituen arren, eta moderatzaile lanetan ibili behar izaten den arren, hori da bere lanean gehien baloratzen duena; zuzeneko tratua. Hala dio Uribesalgo Administrazioak aholkularitzako arduradunak.

Duela 25 jarri zuen martxan Eguzkiñe Uribesalgok martxan negozio propioa. Orduan bakarrik hasi bazen ere, gaur zazpi langile dira. Komunitateen administrazioa eramaten dute, hori soilik, baina hala ere lan handia dutela aitortu dute; bizilagunen arteko liskarretan moderatzaile aritzetik, igogailua jartzeko lanak kudeatzeraino.

Arrasaten jarri zenuen martxan negozioa, baina ez zara bertakoa...

Bai, ni Bergarakoa naiz baina amaren partetik Arrasatekoa dut familia. Hemen hasi nintzen, eta hementxe jarraitzen dut. Askotan hitz egiterakoan bi herrietako esamoldeak nahasten ditut eta Bergaran Arrasatekoa ote naizen esaten didate, eta Arrasaten kontrara [barre].

Atari eta komunitate denetan daude bizilagunen arteko liskarrak?

Bai, orokorrean denetan egoten da arazoren bat; bizilagun jakin batzuen arteko tira-birak, batek ez duela lanen bat egin nahi,...Halakoetan, azken batean, bitartekari lana egin behar izaten dugu komunitateetan, moderatzaile aritu.

Zerk eragiten ditu normalean arazo horiek?

Askotan diru kontuak izaten dira, batek ez duela horrenbeste jarri nahi edo ezin duela... Usainekin ere egoten dira lis-karrak, eta zaratarekin. Azken aldian igogailuekin ere lan handia dugu, eta horrek ere ematen ditu buruhausteak

Ez da ba erraza izango hor tartean egotea beti...

Inpartziala izaten ikasi behar duzu, eta bizilagunen gehiengoaren onura bilatu, komunitatearen alde egin.

Bitartekari lan hori al da zure lanak duen okerrena?

Jendearen arazo asko zureganatzen dituzu, baina apurka, urteekin, banabil hobeto kudeatzen hori dena. Ordutegiak ere ez dira idealenak lan honetan; bizilagunen bileretara joaten gara eta seietatik aurrera izan ohi dira. Zortziak baino lehen ez naiz ia inoiz iristen etxera astean zehar.

Etengabe jendearekin lan egitera ohituta egongo zara orduan?

Bai, eta hein handi batean hori da lan honek duen onena ere. Jendeak bere etxeko atea zabaltzen dizu, bere arazoak, kezkak, poztasunak, ekonomia... Zuzeneko tratua izatera behartzen zaitu.

Bailara mailan egiten duzue lan. Zer garrantzia du horrek?

Garrantzia handia ematen diogu gertutasunari, bai fisikoki, baita tratuan ere. Bergara aldean eta Leintz aldean egiten dugu lan gehienbat. Jaso ditugu eskariak Donostiatik esaterako, baina ezezkoa eman dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak