Javier Larrauri: "Egun, futbol jokalariak Jainkotuta daude"

Xabier Urtzelai 2021ko urr. 8a, 15:19

Javier Larrauri.

Arrasatek emandako "futbolaririk onenetakoek" profesional mailan jokatzea lortu zuten 60ko eta 70eko hamarkadetan. Aranbarrik eta Sagastak Realean egin zituzten zenbait denboraldi eta Larrauri, berriz, Real Madrilek fitxatu zuen. Lehenago, baina, Mondran egin zuten topo hirurek, eta horretan oinarritu da Velez de Mendizabal liburua idazteko. Arrasatearrendako Larrauri da, seguruenik, hiruretan ezezagunena, kanpoan bizi da eta.

1965-66 denboraldia ona izan zen Mondrarendako. Ze oroitzapen duzu?

Ederra, benetan. Izan ere, urte hartan Hirugarren Mailan laugarren postuan sailkatu ginen. Benetan geneukan talde ona, eta, gainera, jendeak bikain erantzun zuen. Iturripen zaleek asko gozatzen zuten gurekin, ikuskizun ederra ematen genuen.

Urte bakarra egin zenuen Mondran...

Halaxe da. Gu, izatez, legazpiarrak gara, baina lau anaietatik hiruk Mondran jokatu genuen. Aitak negozioa jarri zuen Arrasaten, eta horrela etorri ginen hona bizi izatera. Hala, hiru urte egin nituen UCEAn (Union Cerrajera Escuela de Aprendices), eta ondoren bakarra Mondragon taldean. Eta, Mondrako urte hartan, apirilean, Espainiako Federaziotik deitu ninduten Uefako 18 urtez azpiko txapelketa jokatzeko. Hala, Jugoslaviara joan nintzen Espainiako selekzioarekin eta Herbehereen kontra jokatu nuen partidu bat. Bistan da Real Madrileko norbait atzetik neukala, handik itzultzearekin batera fitxatu ninduten eta. Badakit Realak eta Athleticek ere interesa erakutsi zutela, baina ordurako nire aitak hitza emana zien madrildarrei.

Ez zen salto txikia izango, Mondratik Real Madrilera...

Pentsa, eta 18 urte baino ez nituen. Kontratu profesional batekin joan nintzen, baina harrobiko taldearekin jokatu nuen, gaur egun Castilla dena. Espainiako amateur mailako txapeldun izan ginen, finala Romaredan Bartzelonari irabazita. Eta Madrilgo txapelketa ere irabazi genuen. Hala, hurrengo denboraldirako, 19 urterekin, Castelloko taldean nengoen jokatzen, Bigarren Mailan. 

Horrenbestez, Real Madrilgo talde nagusiarekin ez zenuen debutik egin, ezta?

Ez, ez. [Barre]. Hori asko esatea da... Aita zenari esaten zioten izango nuela lehenengo taldean jokatzeko aukera, baina ez nuen debutik egin, ni baino hobeak zeuden. Talde askotan jokatu izan nuen; esaterako, Osasunan, Cadizen eta Cultural Leonesan.

Zein alde dago gaur egungo eta lehengo futbolaren artean?

Ez dauka zerikusirik. Hasteko, nahiz eta neure burua profesionaltzat neukan, gaur egun askoz serioagoa da dena. Niretako futbola jolasa zen. Bestalde, esango nuke lehen jokalariak teknikoagoak zirela... Izan ere, gaur egun, futbol jokalariak korrika egin behar du derrigor; lehen, ez. Bestalde, jokalariak Jainkotuta bizi dira gaur egun. Nik kirol bizitza osoan ez nituen hamar sinadura egingo, eta gaur egun Bigarren Mailako edozein jokalarik entrenamendu saioaren ondoren lana dauka sinadurak egiten. Gure sasoian ere ez zegoen horrenbeste telebista...

Mondrak harrera egin eta elastikoa oparitu dizue.

Ez dakizu zein ilusio egin didan... Izugarri ondo portatu dira Mondrako ordezkariak. Klub hau bihotz-bihotzean eraman izan dut beti. Pentsa, 19 urterekin Real Madrileko jokalari nintzen, Espainiako selekzioarekin jokatu nuen... Eta hori guztia Mondrari esker izan zen. Omenaldia egin digutenean malkoei eusten ere nahikoa lan izan dut.

Josemari Velez de Mendizabalek idatzitako Mondra. Una temporada y tres futbolistas liburuko protagonista Jon Sagastari, Javier Larrauriri eta Jesus Aranbarriri harrera egin zieten Mojategin, eta elastiko bana oparitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak