Zorionak, Nerea!
Mila esker!
Nola duzu gorputza lasterketaren biharamunean?
Atzo, lasterketaren ostean, pare bat luzaketa egin ondoren eskertzen dira horiek gaur, kar, kar, kar... Belauna apur bat minduta dut, baina orokorrean gorputzaldi onarekin nago.
Nola joan zen lasterketa?
Oso ondo. Gaur goizean ibili naiz pentsatzen ea nola joan zen atzoko eguna, eta oso gustura egin nuen proba. Hasieratik indartsu ikusi nuen nire burua eta etapa guztietan ondo ibili nintzen. Oso pozik egindakoarekin, bai.
Zer egin zaizu zailena edo gogorrena?
Hasieran, gauean, Gorbeian geundela, frontala bateriarik gabe gelditu zitzaidan eta Otxandiora arte argi barik egin behar izan nuen... Orduan, jaitsiera nahiko arriskutsua izan zen eta oso gaizki pasatu nuen. Ez nuen ezer ikusten! Atzekoek frontalekin argiztatzen dute zerbait, baina ez duzu berdin ikusten. Unean, beraz, haserretu egiten zara eta urduritasuna ere sartzen zaizu. Gero buelta ematea lortu nuen.
Haizearekin arazorik izan duzu eolikoen tartean?
Egia esateko ez. Gauean ez zen ia haizerik egon eta gero eolikoen tartean, bai, baina ondo moldatu nintzen. Askotan entrenatu izan dut eolikoen tarte horretan, eta hori ere gakoa izan da.
Prestaketa aldetik zelan heldu zara? Etxeko lanak eginda?
Bueno... Ondo prestatuta ez... Beti esan ohi dut bi aste gehiago izango banitu... Beti ez da nahikoa, baina prestaketari ere ezin zaio eskaini horrenbeste denbora. Astean zehar gutxi entrenatzen dut eta asteburuetan lan saio luzeagoak egiten ditut. Niri gehiago entrenatzea gustatuko litzaidake.
Horrelako probek prestaketa bikoitza behar izaten dute, ezta? Fisikoa eta psikologikoa.
Distantziagatik eta desnibel askoko proba izanik, psikologikoki prestatuta joan behar duzu. Indartsu egon zaitezke baina buruak 'klak' egin ahal dizu uneren baten. Tramu batzuetan, gainera, bakarrik joan zaitezke eta horretarako prestatuta egon behar duzu. Atzo lagun batek lagundu zidan tramu baten, eta biok bakarrik ibili ginen... Batzuetan bakarrik zoazela abestea edo berba egitea ez da gaizki etortzen...
Emakumezkoetan, Maite Maiorak errekorra hautsi egin du. Sekulakoa, ezta?
Beti egiten du sekulakoa! Lasterketan zehar lagunei galdetzen nien ea Maite zelan zihoan, neska sekulakoa delako. Potentzia hutsa. Gainera, gero ikusten duzu jota ondo heltzen dela helmugara... A ze meritua! Beste batzuk arrastaka ia heltzen gara, kar, kar, kar...